2021eko udako kultur egitarauak

Altzagako San Agustinetan jairik ez, baina ekintza mordoa antolatu dituzte

Ander Zarraga 2021ko abu. 24a, 17:13

Aurten ere ez dira Altzagako San Agustin jaiak ospatuko, baina, horren ordez, hainbat ekintza antolatu dituzte barikutik zapatura. Ohitura bilakatu den urdaiazpikoaren zozketa ere ezberdina izango da aurten, eta, jende pilaketak saihesteko, herriko merkataritza-establezimenduetan erosten dutenen artean banatuko dituzte zozketarako txartelak.

Txupinek hurrengo urtera arte itxaron beharko du hegaz ateratzeko, eta San Agustin jaien hasiera iragartzeko; izan ere, aurten ere ez da jairik egongo Altzaga auzoan. Hala ere, jai batzordeko arduradunak ez dira geldi geratu, eta hainbat ekintza antolatu dituzte, barikutik, abuztuaren 27tik, domekara bitartean. Adierazi dutenez, jaiak ez, baina "asteburuan adin-tarte guztientzako ekintza eta kultur-ekitaldi desberdinak gozatu ahal izango ditugu".

Era berean, antolatzaileek eskatu dute ekintzez arduraz eta zuhurtziaz gozatzeko, indarrean dauden osasun-neurriak errespetatuz eta jende-pilaketak saihestuz, besteak beste.

Aurten, jaietako aurrekontuak nabarmen murriztu behar izan dutela ere jakinarazi dute; izan ere, diru-laguntzak, ohiko 42.000 euroetatik 15.000 euro izatera igaro dira. Hori dela eta, auzotarrei dei egin diete herriko kale, enparantza eta balkoiak apaintzeko.

Egitaraua

Barikutik hasita, hainbat ekintza egongo dira Altzagan asteburu honetan. Txupinek ez du jaien hasiera adieraziko, baina ez du protagonismorik galduko, eta ipuin kontalari batek bere istorioa kontatuko die gaztetxoei. Gainera, bariku arratsaldean, Loreen Ametsa antzerkia eta Red Label taldearen kontzertua egongo dira Irailak 23 plazan.

San Agustin Egunean, ohiko meza egin ondoren, ohorezko aurreskuak eta erraldoiak egongo dira Irailak 23 plazan. Erandioko musika bandak ere emanaldia eskainiko du, eta, eguerdian, herri-kirolak egongo dira. Arratsaldean, umeentzako jarduerakaz jarraituko du egitarauak, Jado plazan. Horrez geroztik, Irailak 23 plazan disko-festa eta Dejan Banda taldearen kontzertua egongo dira.

Domekan ere hainbat ekintza prestatu dituzte jai-batzordeko kideek: goizean, umeentzako jolasak, dantzak eta erraldoiak; eta, arratsaldean, bertso-saioa, Los Txikis taldearen kontzertua, eta, azkenik, agurra emango diete jaiei Irailak 23 plazan. Horren ostean, urdaiazpikoaren sariduna nor izan den ere jakinaraziko dute. Urteroko ohitura bilakatu den ekintza hau ezberdina izango da aurten; izan ere, jende pilaketak saihesteko, herriko komertzioetan banatuko dira zozketan parte hartzeko txartelak.

Hona hemen aurtengo egitarau osoa:

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun