Erandioko Gautxoariak elkarteak "Eureka Domeka!" kultur-zikloa antolatu du iraileko asteburuetarako. Ibaiertza izango da ekitaldien antzezlekua, herriko "malekoian", Gasolinoaren geralekuaren ondoan, egingo baitituzte jarduerak; domeketan izango dira, 18:00etatik aurrera. Euria eginez gero, Altzaga auzoko GazteTxokora mugituko dituzte saioak.
Azaldu dutenez, jarduera horien asmoa, "herria biziaraztea eta euskara plazarekin lotzea" da. Horretarako, prestatu dituzten berezitasunen artean, uretatik lurrera egingo den bertso-saioa dago: bertsolariak Gasolinoan ontziratuta egongo dira kantuan, eta ikusleak, aldiz, ibaiertzean egongo dira eserita. Lehen lerroko bertsolari eta gai-jartzaileakaz "ur eta lur" geratzea da antolatzaileen xedea.
Egitarauak honako data hauek izango ditu:
- Irailak 5: MICE, Miren Narbaiza.
- Irailak 12: marrazketa inprobisatua, Unai Iturriaga eta Dani Fanogaz.
- Irailak 19: bertso-saioa, Nerea Ibartzabal eta Eli Pagola bertsolariakaz, eta Beñat Vidal gai-jartzaileagaz.
- Irailak 26: Westfalia Txou System.