Ikasturte berriagaz, Erandioko Emakumeen Jabekuntza Eskolak jarduerei berrekingo die, eta zazpigarren urtez doako ikastaroak eskainitiko dituzte. Urtarrilera bitartean, bederatzi ikastaro emango dituzte indarkeria matxistaren aurkako prebentzioaren, detekzioaren eta defentsaren inguruan; gorputzarekiko eta sexualitatearekiko harremanen arloari buruz; eta emakumeek hainbat jakintza-arlotan eta feminismoan egindako ekarpenen zabalkundearen inguruan.
"Jabekuntza Eskola doako ekimena da, eta emakumeen partaidetza soziopolitikoa sustatu gura du, ahalduntze indibidual eta kolektiboko prozesuen bidez", azpimarratu du Jorge Gonzalezek, Berdintasun saileko arduradunak. Bestalde, Aitana Lopez Berdintasuneko ordezkariordeak gaineratu duenez, "beste emakume batzuekaz partekatzeko, ikasteko eta aliatzeko gunea da".
Zentzu horretan, egingo dituzten ikastaroen artean, rap musika ikasteko tailer bat emango du La Furia abeslariak. Bestalde, hilekoaren inguruko mito eta tabuak desmuntatzeko klaseak edo berriki amak izan diren amei laguntzeko gune bat ere eskainiko dute. Ekintzok goizeko eta arratsaldeko ordutegietan izango dira, euskaraz zein gaztelaniaz, eta biztanle gehien dituzten Erandioko hiru auzoetan egingo dituzte: Altzaga, Astrabudua eta Erandio Goikoa.
Izen-emateak telefonoz egingo dira, 944 890 240 telefonora deituta, edo berdintasuna@erandio.eus helbidera idatziz; izena emateko epea ikastaroak hasi baino astebete arinago itxiko dute. Berritasun gisa, aurten, haurtzaindegi zerbitzua ere egongo da behar dutenentzako.