Erandio Magikoaren bosgarren edizioa egingo dute aste-akabu honetan Altzaga, Astrabudua eta Erandiogoikoan. Barikutik domekara bitartean, hilak 24tik 26ra, zortzi artistek beraien ikuskizun harrigarriakaz erandioztarrak txundituko dituzte. Antolatzaileek iragarri dutenez, jaialdi honen gala handia Josu Murueta kultur etxean izango da, urtero legez.
Egitaraua Erandiogoikoan hasiko da, bihar, 18:00etatik aurrera. Hala, Euskadi plazan egongo dira Tor eta Txoborro magoak TNT magia eta antzerki antzezpenagaz. Zapatuan, hilak 25, 13:00etan, ikuskizunak Astrabuduko Josu Murueta plazara mugituko dituzte. Bertan, Carlos Adriano artistak Pasen y vean obra eskainiko du, ezustekoz eta barrez betetako iraganeko antzerkiaren moduko antzezpena.
Horrez geroztik, Josu Murueta kultur etxean Eszenako gala handia egingo dute, jaialdiko ikuskizun nagusia, hain zuzen ere. Saio bikoitza izango da, 18:00etan eta 20:30ean. Bertan, magiak gainezka egin dezan arduratuko dira Gisell, Cesar Bueno, Asis, Eriz eta Testa artistak. "Publikoak hainbat sari jaso dituzten ikuskizunetakaz gozatzeko aukera izango du: magia, fakirismoa, umorea...", aurreratu du Tor magoak jaialdiaren aurkezpenean. Saio nagusirako sarrerek hiru euroko prezioa izango dute, eta hasi baino ordubete lehenago jarriko dituzte salgai.
Domekan, Altzagaren txanda izango da, eta emanaldiak Irailaren 23 plazara egingo dituzte. Lehenik Eriz magoaren txanda izango da, Auskalo obragaz, 13:00etik aurrera. Arratsaldean, La magia de lo real ikuskizuna eskainiko du Tesa fakirrak. "Penintsulan egin den lanik osatuena da", adierazi du Tor Magoak.