Etxez etxeko laguntzaileen aldarrikapenak eraman dituzte Erandioko Udaleko osoko bilkurara

Ander Zarraga 2021ko ira. 30a, 12:35

LAB sindikatuko delegatuek etxez etxeko langileen aldarrikapenak adierazten Erandioko Udalaren osoko bilkuran. © LAB SINDIKATUA

LAB sindikatuko delegatuek protesta egin dute Erandioko Udaleko osoko bilkuran, etxez etxeko laguntza-zerbitzuko langileei jarritako lan-egutegia bertan behera uzteko eskatzeko; izan ere,  sindikatutik salatu dutenez, Gabonetako eta Aste Santuko egun libreak kendu dizkiete.

Erandioko etxez etxeko laguntza-zerbitzuko langileei ezarritako lan-egutegia bertan behera uzteko eskatu zuten LAB sindikatuko delegatuek. Horretarako, Erandioko Udalaren azken osoko bilkura baliatu dute, funtsezko zerbitzu hori eman eta jasotzen dutenen baldintzak hobetzeko neurriak exijitzeko.

Sindikatu abertzaleko ordezkariek azaldu dutenez, Erandioko gobernu-taldeak langileen lan-egutegia aldatzea erabaki zuen uztailean, Gabonetako zein Aste Santuko egun libreak kenduz. Gaitzetsi dute erabaki horregaz langileek lanegun gehiago eta egun libre gutxiago izango dituztela. Adierazi dutenez, "lan-baldintzen funtsezko aldaketa horrekin Udalak diru apur bat aurreztuko du, egun horietan ordezkapenak egiten dituzten lan-poltsako langileen gastua, hain zuzen ere". 

Egoera salatzeko, etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileek eguaztenetan elkarretaratzea egiten dute udaletxe aurrean, euren kexak adierazteko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun