Abaroa enpresaren hirigintza-hondamendiak kaltetutako 66 familiek beraien etxebizitza berriaren zain jarraitzen dute,15 urte geroago. Kaltetuak etsita daude agindutako epeek daborduko bi urte baino gehiagoko atzerapena dutelako, eta lanak ia-ia geldituta daudelako. Horren aurrean, Erandioko EH Bilduk exijitu dio Udalari Azpiegiturak enpresa publikoarekin duen "epelkeria" alde batera utzi eta ardurak eska ditzala.
Gogoratu beharra dago 2011ko urriaren 26an Erandioko Udalak eta Azpiegiturak Aldundiko enpresa publikoak hitzarmena sinatu zutela eraikin kaltetuak eraitsi eta berriak egiteko. Horietan, 2005ean kaltetutako familiak birlokatzeko asmoa zeukaten. Hala ere, etxebizitza kaltetuak eraisteko eta berriak egiteko lanak ez ziren 2018ra arte hasi, eta, oraindik, bukatu gabe jarraitzen dute.
Erandioko EH Bilduk adierazi duenez, Azpiegiturakek ez ditu epeak bete, eta "erakusten duen interes faltak zuzenean eragiten die etxebizitzen zain dauden herritarrei, eta Erandioko Udalari berari ere"; izan ere, herritar horiei ostatua emateko alokairua aseguru-etxeek eta Azpiegiturakek ordaindu dute –6 eta 1,5 milioi euro, hurrenez hurren–orain arte, baina diru hori bukatu egin da, eta, hemendik aurrera, Erandioko Udalak egin beharko du ekarpena.
Koalizio abertzaleak udal-gobernuari eskatu dio "adostutakoa ez betetzeagatik" Azpiegiturakekin duen hitzarmena bertan behera uztea. "Ezarritako epeak eta betebeharrak ez betetzeagatik enpresa ohartaraztea eta zehatzea" ere exijitu dute, eta, horretaz gain, Udalak orain arte ordaindutakoa itzultzea ere.