Erandioko eskoletan euskara bultzatzeko asmoagaz, Erandioko Udalak eta Sacojuegos elkarteak zenbait scape room antolatuko dituzte. Egitasmoaren helburua da tresna ludikoen bitartez Erandioko gazteak euskararen erabileraz kontzientziatzea, eta sentimendu soziokulturala sustatzea motibazio-dinamiken bidez.
Horretarako, ihes egiteko jokoak lehen hezkuntza, bigarren hezkuntza, batxilergoa eta heziketa profesionaleko ikasleentzako egokituko dituzte. Jarduerek 40-50 minutuko iraupena izango dute eta, horiek gauzatzeko ikastetxeei material digitala eta web orri bat emango dizkiete.
Horretaz gain, abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, 16 urte baino gehiago dituen edozein erandioztarrek parte hartu ahalko du jolasean; goizean, Altzagako gaztetxokoan egingo dute, eta, arratsaldean, Astrabuduan, Josu Murueta kultur etxean.
Udal-iturriek azaldu dutenez, ikasleen artean euskararen erabilera bultzatzeko ekimena, aurretik gauzatu dituzten beste jarduera batzuen jarraipena da, hala nola lehen hezkuntza bosgarren mailako ikasleentzako antzerki-tailerra, bertsolaritza-tailerrak edo 12 eta 18 adin tarteko gazteei zuzendutako book-bideo lehiaketa.