Zapatuan, azaroaren 6an, omenaldia egin zuten Erandion duela 30 urte hil zen Fabio Moreno gogoratzeko. Bertan, Beatriz Artolazabal Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak barkamena eskatu zion Morenoren familiari, "beste alde batera begiratzeagatik eta ahotsa altxatzeko denbora behar izateagatik".
Urte bi zituen Fabio Moreno 1991eko azaroaren 7an hil zen, ETAk bere aita zen Antonio Moreno guardia zibilaren autoaren kontra egindako atentatu batean. Horiekaz batera zihoan Fabio Morenoren bikia, Alex; aita eta anaia zauritu ziren, baina Fabio atentatuan zendu zen.
Gertakizunaren 30. urteurrenean, Erandioko Udalak omenaldia egin dio Morenori eta bere familiari. Ekitaldian, Artolazabalez gain, Aitziber Oliban Erandioko alkatea, Monika Hernando Giza Eskubideen, Biktimen eta Dibertsitate zuzendaria, Florencio Domingez Terrorismoaren Biktimen Zentro Memorialeko zuzendaria eta alderdi politikoetako ordezkariak egon ziren.
Ekitaldian, Artolazabalek barkamena eskatu zion Morenoren familiari: "Ez dakit beti maila eman dugun eta nahikoa gertu egon garen. Ezetz uste dut. Bihotzagaz berba egiten dizuet. Bereziki zuri, Arantxa. Barkatu izan dugun isiltasunengatik, beste aldera begiratzeagatik, gure beldurrengatik, ahotsa altxatzeko denbora behar izateagatik, zuen mina sentitu ez izanagatik".
Alex Morenok, Fabioren bikiak, ere hartu zuen hitza, eta omenaldia antolatu zutenei eskerrak emateagaz gainera, adierazi zuen indarkeriak ez duela onurarik ekarri, "biktimak eta sufrimendua baizik; hemen ez du inork irabazi, eta guztiok sufritu dugu".
Erakusketa
Behin ekitaldia bukatuta, partaideak udaletxearen behealdean terrorismoaren eta segurtasun-indarren biktimen lekukotza jasotzen dituen erakusketara joan ziren. Bertara eramango dituzte udalerriko ikastetxeetako ikasleak, eta, hilaren 11n, mahai-inguru irekia egingo dute zenbait biktimen parte-hartzeagaz.