Kontsumoari buruzko hitzaldi sorta antolatu du Gautxoriak kultur elkarteak azaroan

Ander Zarraga 2021ko aza. 8a, 13:58

Berbaldiak Gautxoriaken lokalean eta Gazte Txokoan izango dira. © GAUTXORIAK KULTUR ELKARTEA

Hilaren 11n eta 18an hitzaldi bana prestatu du Gautxoriak kultur elkarteak, "Nork bere arazoak" izenpean. Lehenik, Labore supermerkatu kolaboratiboko kideek egingo dute berbaldia, eta, ondoren, energia komunitateen gaia aurkeztuko dute Goiener kooperatibako kideek.

Hil honetan, "Nork bere arazoak" izeneko berbaldi sorta dakar Gautxoriak kultur elkarteak Erandiora. Bertan, egungo jendartean dauden erronkei erantzuteko eredu interesgarriak jorratuko dituzte: alde batetik, eguneroko erosketa saskiari erreparatuko diote Labore supermerkatu kolaboratiboko kideek, azaroaren 11n; bestetik, energia komunitateak aurkeztuko dituzte Goiener kooperatibako kideek, azaroaren 18an. Biek jarriko dute erdigunean komunitatea, jasangarritasuna, gertutasuna eta erabakitzeko ahalmena. Berbaldiak 19:00etan izango dira, Gautxoriko lokalean lehena eta Gazte Txokoan bigarrena.  

Antolatzaileek adierazi dutenez, "hitzaldiok entzuteko baino, zalantzak argitzeko eta sormenerako guneak izango dira". Izan ere, bertan, hizlariek egungo proiektu errealen inguruan arituko dira, gertuko adibideak, abian dauden proiektuak eta horietan emandako prozesuak azalduko dituzte, hain zuzen ere.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun