Urtero legez, domekan honetan, azaroaren 14an, Erandioko Herri Krosa antolatuko du Erandioko Atletismo Eskolak. Adin guztietako lasterkariek parte hartu ahal izango dute izaera herrikoia eta parte-hartzailea duen frogan. Lasterketan izena emateko epea oraindik zabalik dago Erandioko Atletismo Eskolako webgunearen bitartez.
Tartanga kalean, kiroldegiaren parean egongo dira irteera eta helmuga, eta, 10:30etik aurrera aterako dira lasterkariak txandaka: txikienak lehenik, eta, era mailatuan, gainontzekoak, beteranoen txanda heldu arte. Ume eta kadeteek 2.000 metro egingo dituzte; kimuek, 1.500; benjaminek, 1.000; eta benjamin aurrekoek, 500 metro. 11:50ean, familientzako lasterketa izango da, 750 metrokoa. Beranduago, 12:15ean, maila absolutuko 7 kilometroko proba hasiko da.
Aldi berean, lasterketak elkartasun izaerari eutsiko dio aurten ere, eta Leioako Sortarazi elkarteari esker pertsona behartsuenentzako premiazko produktuak bilduko dituzte; 10:00etatik 13:00etara elkarteko kideek oinarrizko ondasunak bilduko dituzte helmugaren ondoan, hala nola pixoihalak, umeentzako poteak, toallatxoak, salda eta kafea.
Beste urte batez, izaera herrikoia duen lasterketan izen-ematea dohainik izango da, baina antolatzaileek gogoratu dute Erandioko Atletismo Eskola eta proba sostengatzen lagundu gura dutenek borondatezko dohaintzak egin ditzaketela eskolako kontu-korrontera.