Erandioko 400 ikasle baino gehiagok parte hartuko dute Zientzien Astean

Ander Zarraga 2021ko aza. 10a, 15:54

Gazteak zientzietara erakartzeko eta horien artean sormena eta talde-lana bultzatzeko helburuagaz Erandioko Udalak Zientziaren Astea egingo du egunotan. Ekimen horren bitartez, Erandioko ikastetxeetako 12 eta 15 urte bitarteko ikasleek zientzietako atal ezberdinak ezagutu ahal izango dituzte esperimentazioaren eta talde-lanaren bidez.

Erandioko ikastetxeetako 400 ikasle baino gehiago pasatuko dira Gaztetxotik egun hauetan. Azaroaren 10etik 12ra bitartean, Udalak antolatu duen Zientziaren Astea dela eta, ikerkuntza eta esperimentazioaren munduan barreiatzeko aukera izango dute. Bertan, ikasleek alor ezberdinetako esperimentuak egingo dituzte, zientziekiko interesa pizteko eta sormena eta talde-lana bultzatzeko asmoagaz.

Gazteek, STEAM zientzia-lanbideakaz lotutako paradigman oinarritutako esperimentuak egingo dituzte; hau da, zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematikaren ezagutzan oinarritzen diren diziplinarteko ikasketa-prozesua baliatuko dute.

Horretarako, zientzialari gazteek hiru gune izango dituzte, eta bakoitzean jarduera praktiko bat egingo dute: natur-zientzietakoa, biologia eta geologia; ingeniaritzakoa, matematika, fisika, logika eta eraikuntza; eta, azkenik, informatika eta elektrizitatea. Gune horietan, ikasleek modu aktibo eta parte hartzailean esploratu ahalko dute, beraien kabuz hipotesiak eginez eta erantzunak bilatuz.

Guztira, IES Erandio, Jado eta IES Astrabuduako 408 ikaslek parte hartuko dute ekimenean, txandaka eta taldeetan banatuta, guztiek esperimentu denak probatzeko aukera izan dezaten.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun