Erandioko III. Topaketa Feministak egingo dituzte zapatuan

Ander Zarraga 2021ko aza. 17a, 11:57

Txoko Feministak hitzaldiak, kontzertuak, tailerrak eta herri-bazkaria antolatuko ditu zapatu honetan, azaroaren 20an egingo dituzten III. Topaketa Feministak direla eta. Azaldu dutenez, herriko emakumean saretu eta antolatu gura dituzte, Erandioko mugimendu feminista indartzen jarraitzeko.

Iaz, pandemiaren ondorioz bertan behera geratu ziren Erandioko Txoko Feministak antolatzen dituen Topaketa Feministak. Aldiz, zapatu honetan, Erandioko emakumeek berriz ere elkartzeko aukera izango dute saretzen eta antolatzen jarraitzeko, eta, horretarako, hainbat jarduera prestatu dituzte egun osoko egitarauagaz.

Antolatzaileek azaldu dutenez, "topaketa hauen helburua xumea bezain sakona da: herriko emakumeen artean sareak lantzea, elkar ezagutzea, momentu bat hartzea aurrez aurre gure ezinegonak partekatzeko, gure kontraesanei tira egiteko, ikusteko zerk mugitzen gaituen eta feminismoaren uretan sakontzen jarraitzeko; ikusi gura dugu zerk sentiarazten gaituen deseroso eta kolektiboki nola eragin dezakegu. Antolatzeko eta proiektuak sortzeko beharra ikusten genuen, eta horretarako gonbidapena ere izango dira topaketa hauek".

Jarduerak goizean hasiko dira, 11:30ean: Lehenik, Amets Ladislao Etxaldeko Emakumeak elkarteko kideak  kontsumitzeko ohiturak zalantzan jarriko ditu Zer kontsumitzen dugu? hitzaldian; ondoren, Saioa Hernandez sexologoak ikuspegi hegemonikotik eraikitako desiraren ikuspegia deseraikitzen saiatuko da, Desirak badu mugarik? berbaldian.

Eguerdian, lehenik, poteo musikatua egingo dute, eta, ondoren, 14:30ean indabada egongo da plazan; gura duenarentzako aukera beganoa ere egongo dela jakinarazi dute. Bertaratzeko aldez aurretik izena ematea gomendatu dute antolatzaileek; horretarako, erandiofeminista@gmail.com helbide elektronikora idazteko adierazi dute.

Arratsaldean, 16:00etan, jarduerak berrartuko dituzte tailerrakaz: lehenik, Drag King tailerra eskainiko du Josebe Iturriozek Gaztetxokoan, eta, ondoren, 17:00etan, Perreo Feminista nolakoa den erakutsiko du Inés Lasagabasterrek, plazan. Jardueretan parte hartzeko ez da aldez aurretik izena eman behar, Altzagako plazan egongo den karpara hurbiltzeagaz nahikoa izango dela adierazi dute antolatzaileek.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun