Hazilan programaren hamargarren edizioan izena emateko epea ireki dute

Erredakzioa 2021ko aza. 30a, 13:42

Hainbat emakume Erandioko Behargintzaren tailer batean. © ERANDIOKO UDALA

Erandioko Udalak, gazte kualifikatuen lan-munduratzean laguntza ematea bilatzen duen Hazilan programa aurkeztu du. Urtarrilean hasiko den hamargarren edizioan parte hartzeko izen-ematea zabalik dago daborduko.

Erandioko Udaleko Enplegu Arloak Hazilan programaren hamargarren edizioan izena emateko epea ireki du. Proiektuari esker, gaitasunak eta prestaketa izan arren langabezian dauden gazteek lan-munduagaz lotutako hainbat alor lantzeko aukera izango dute: oinarrizko gaitasun soziolaboralak, lana bilatzeko prestakuntza eta lan-aktibazioa eta benetako lan-esperientzia, besteak beste.

Jorge Gonzalez enplegu arloko zinegotziak azaldu duenez, "Hazilan programaren helburua da gazteek lan-mundura sartzeko aukerak erraztea; 20 eta 44 urte bitartekoak, kalifikatuak, goi-mailako prestakuntza dutenak eta langabezia egoeran dauden gazteei lanpostu bat bilatzen lagunduko dien programa da, hain zuzen ere. Azken batean, honen helburua da prestakuntza espezializatuaren bidez, aukerak dituzten eta etorkizunerako baliagarriak diren lanpostuak eskuratu ahal izateko baliabideak ematea".

Metodologiari dagokionez, alde batetik, lan-munduan txertatzeko eta aktibatzeko laguntzan zentratua dagoen Aktibatu hasierako fasea dago. Banaka zein taldeka, lanpostu bat eskuratzeko beharrezkoak diren gaitasun pertsonalak eta profesionalak bereganatzen dituzte partaideek. Bestetik, Kokatu izeneko bigarren zatian, parte hartzaileek praktika profesionalak egingo dituzte enpresetan; horrela, lanbide-profilaren araberako lan-esperientzia eskuratu ahal izango dute, etorkizunean lan-aukerak biderkatuz.

Datorren urtarrilean hasiko den edizio honek 15 plaza izango ditu, eta, aurreko urteetan bezala, Erandion erroldatutako pertsonek bekak eskuratzeko aukera izango dute. Interesa dutenek hazilan@erandio.eus helbidera idatzi besterik ez dute egin behar.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun