Jarduerak bezperan hasiko dira, abenduaren 2an, eguenean, Altzagako Bekoa gizartetxean, Vademekum-Zirkozaurre ikuskizunagaz; liburutegi batean girotuta dagoen famili-ikuskizunak, sorkuntzarako atea izateaz gain, irakurketa sustatzea bilatzen du. Ondoren, 19:30ean, trikipoteoa egingo dute Astrabuduko kaleetan zehar.
Aldiz, ekintza gehienak abenduaren 3an, barikuan, egingo dituzte. Hasteko, goizean eta arratsaldean, helduentzako "Unibertso paraleloak" EscapeRooma egongo da Altzagako gaztetxokoan (10:00-13:30) eta Josu Murueta kultur etxean (16:40-20:00). Ondoren, Paula Kasaresek helduen eta umeen arteko hurbilketarako hizkuntza-portaerei eragiteko sentiberatze eta kontzientziatze saioa eskainiko du; Altzagako gaztetxokoan izango da, 17:30ean.
Horretaz gain, Erandiogoikoan hainbat jarduera egingo dituzte bariku arratsaldean, 17:00etatik aurrera: euskal kirolak, kalejira, txokolatada eta, 19:30ean, ekitaldi nagusia. Azken horretan, giroa alaitzeko bertsolariak, musika eta dantza ez dira faltako. Eguna jai-giroan ere bukatzeko, 22:00etan, elektrotxaranga egongo da.
Erandioko Udalagaz batera, Berbots, Astrabudua Kantetan, Trabudu Dantzari Taldea, Auzokoa Herrikoi Elkartea, Goikolanda Txiki guraso elkartea, Kukularra IGE guraso elkartea eta Erandio Kantagunea dira jarduerak antolatzeaz arduratuko diren elkarteak.
Euskararen Eguna
— Erandioko Udala (@ErandiokoU) November 30, 2021
Programazioa#erandio #euskarareneguna pic.twitter.com/oRQNNRN5ug