Erandioko herritar konprometituenak aintzatetsi dituzte

Ander Zarraga 2021ko abe. 2a, 11:37

Galan aitorpena jaso zuetenen talde-argazkia. © ERANDIOKO UDALA

Erandioko Udalak gala bat antolatu zuen martitzenean, herriko zenbait elkarte, pertsona eta erakundek herritarren ongizatearen alde egiten dute lana goraipatzeko; pertsona horien lanari esker, Erandiok Hiri Hezitzailearen izendapena eskuratu zuen martxoan. Gainera, udal-taldeek aho batez onartu zuten adierazpen bat, ildo horretan lan egiten jarraituko zutela konpromisoa hartuz.

Erandiok Hiri Hezitzailea izendapena eskuratu zuen martxoan, herritarrek ongizatea lortzeko egiten duten lanagatik. Horregatik, erandioztarrek eta herriko elkarteek egiten dituzten ekintzak eta hartutako konpromisoak eskertzeko, Udalak gala bat egin zuten martitzenean, azaroaren 30ean, Hiri Hezitzaileen Munduko Egunean, hain zuzen ere.

Aldi berean, Udaleko osoko bilkuran aho batez onartu zen Hiri Hezitzailearen Nazioarteko Eguneko adierazpen instituzionala; horren leloa "Hiri Hezitzaileak ez du inor atzean uzten" da. Adostutako idatzi horretan, alderdi politikoek konpromisoa hartu zuten hezkuntza-sistema hobetzeko eta herritar guztientzako hezkuntza aukerak eskaintzeko, pertsona guztien ongizatea hobetzeko helburu irmoagaz; horretarako, beharrezkoak diren baliabideak eta itunak sortuko dituztela ere iragarri zuten.

"Erandio herritarren ongizateagaz konprometituta dagoen udalerrietako bat da, eta Hiri Hezitzailearen babespean inor atzean geratzen ez den herria egiten duzuen elkarte, pertsona eta erakundeen konpromisoa identifikatu, aitortu eta eskertu gura izan dugu", adierazi zuen Aitziber Oliban Erandioko alkateak martitzeneko galan.  Gaineratu zuenez, "Erandiok hezkuntzagaz duen konpromisoa halabeharrezkoa da. Hezkuntza zeharkako baliabidea da, udal-instantzia eta zerbitzu desberdinetatik proposatzen eta abian jartzen diren politika publikoek eta jarduerek gidatu behar dutena".

Eskertzeko gala

Martitzenean egin zuten galan, hainbat alorretan lan egiten duten pertsona, ekimen, elkarte eta erakundeen konpromisoa eskertu gura izan zuten, Erandion berdintasuna, justizia eta ongizatea bezalako balioak errealitate izatea ahalbidetzeagatik. Besteak, beste, Erandioko Udalak Erandion oso ezaguna den pertsona baten ibilbidea aitortu gura izan zuen, baita herrian ospe handia duen elkarte baten 25. urteurrena ospatu ere. Hauek izan ziren errekonozimendua jaso zutenak:

  • Ainhoa Zurinaga, Lutxana Arraun Elkarteko zuzendaria eta Bizkaiko kiroletako protagonistetako bat izatean gain, elkarteko entrenatzailea eta arraunlaria ere da. Oztopoak, zailtasunak eta erronkak gaindituz, Ederra traineruak berdintasunarekiko konpromisoan murgilduta dago, eta, hori adierazteko, zirkulu moreak eta emakumeen aurpegiakaz dago apainduta. Bere postutik taldearen sugarra bizirik mantentzen saiatzen da, arraunlari gazteak animatuz.
  • Ausartzen elkartea. Erandioko gazteakaz lan egiten duen gizarte-ekintzarako elkarte honek gabezia- eta arrisku-egoeran dauden adingabeei laguntza eskaintzen du, beraien hazkundean eta gizarte-ingurua hobetzeko helburuagaz. Elkarteak premiazko beharrak dituztenei laguntzeko apustua egin du, eta, ahal den neurrian, geroz eta autonomia maila handiagoa lortu dezaten tresnak ematen dizkie, haien hazkundea eta garapena erraztuz.
  • Akonpainamenduak. Erandioko Babes Zibilaren ekimen honek eraso sexistak ekiditeko helburua dauka. "Ez itzuli etxera bakarrik" leloagaz, gura duenari herriko jaietatik etxera segurtasunez itzultzeko gaueko laguntza-zerbitzu eskaintzen diote. Gainera, egiten dutena lana eskertu zieten, diskoteka, aisialdi-gune, jaietan edo bestelako inguruabar batzuetan prebentzio-lanetarako bertaratzen direlako.
  • Mendibitarte abesbatza. Mendibitarte elkartearen parte den abesbatza 2005ean jaio zen, Altzagan. Ordutik, elkartearen pentsamoldea hedatzeaz arduratu da: elkartasuna, laguntasuna, ondo pasatzea eta txikito batzuk hartzen diren bitartean abestea. Horri esker, tokiko, estatuko eta nazioarteko ekitaldi eta emanaldi askotan parte hartu ahal izan dute.
  • Felipe Agirre. Begoñako Amatxuren eguneko lehen dantzariak bere jardunbideagatik eskuratu zuen aipamena. Lehen izan zen bere  burua eskaintzen basilikako meza irteeratan ohorezko aurreskua dantzatzeko, eta 12 urtez aritu da horretan; tradizio horrek gaur egun arte jarraitzen du. Bestalde, Bilboko lehen udal-hauteskundeetan parte hartu zuen, eta zinegotzi-lanetan aritu zen 1979 eta 1983 bitartean. Horretaz gain, Baionan egon zen erbesteratuta, eta, handik bueltatzean, gazteenei euskal dantzak irakasteko gogo biziagaz aritu zen. Gaur egun, 84 urte ditu eta Astrabuduan bizi da.

 

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun