Josu Murueta eta Anton Fernandez erandioztarren erailketen 50. urteurrenaren harira, Erandioko Udalak 12.000 euroko ikerketa-beka bat sortu zuen 2019an, Gasaren Mugimendua izenagaz ezagutzen diren 1969ko auzo-mobilizazioetan gertatutakoa ikusarazteko. Beka horri esker, Erandio 1969. Sendatu gabeko zauria liburua sortu ahal izan du Francisco Javier Bucesek, bekaren hartzaileak. "Adinekoentzako memoria bizia eta gaztetxoentzako gizarte-mugimenduaren papera ezagutarazteko" helburua duen lana dela azaldu du egileak. Era berean, Aitziber Oliban Erandioko alkateak gertakari horiek memoriatik ez ezabatzearen garrantzia nabarmendu zuen aurkezpenean: "Adineko jendeak badaki zer gertatu zen, baina ez horrela gazteek. Historia eta horren edukia gogora ekarri behar dira".
Francisco Javier Buces Aranzadi Zientzia Elkartearentzako lan egiten duen ikerlaria da, eta esperientzia dauka frankismoaren eta memoria historikoaren inguruko ikerketetan. Azterlana gauzatzeko, Bucesek biktimak eta lekukoak elkarrizketatu eta artxiboak aztertu ditu. Gogora Institutuak, Eusko Jaurlaritzako Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak, ere parte laguntza eman dio ikerketa gauzatzeko
Liburuaren aurkezpena abenduaren 10ean egin zuten Erandioko udaletxean. Bertan izan ziren Conchi Fernández, Anton Fernandezen alaba eta Pilar Arenaza, Josu Muruetaren alarguna; horiekaz batera, Buces bera eta Aitziber Oliban Erandioko alkatea ere egon ziren.
Erandioko elkarteak barik
Bestalde, Erandioko Oroimena plataformako kideek salatu dute Udalak beraien lepora egindako lana izan dela: "Udala ez da herriko oroimen historikoaren mugimenduakaz kontaktuan jarri ezertarako, ez lan honetarako, ezta memoria historikoagaz lotura duten beste gai batzuetarako ere". Deitoratu dute udalerriko hainbat motatako elkartek osatzen dutela Erandioko memoria historikoaren alde lan egiten duen elkartea, eta Udalak baztertu egiten dituela adierazi dute.