Kukularrako errepide-korapiloko lotune berriak barikuan, abenduaren 17an, jarriko dira martxan. Jarduketa honegaz, Bizkaiko Foru Aldundiak errepidearen edukiera handitzea lortzeko helburua bete du, Txorierrira sarbidean Avanzadatik bigarren errei bat eta Arrontegitik beste bat gehitu dituelako. Lanok, 26 hilabeteko iraupena eta 11 milioi euroko inbertsioa izan dute.
"Kukularrako lanen bigarren fasea helburu bikoitzarekin diseinatu zen. Lehenik eta behin, Bizkaiko saihesbide nagusiaren eraikuntzan aurrera egiten zen, egunero batez beste 160.000 ibilgailu jasaten dituen bide honen pilaketa-arazoak arintzeko helburuarekin; eta, bestetik, bide-segurtasuna hobetzeko: obra hauen bidez orain arte zegoen bide-bateratze arriskutsua ezabatu da, Kukularrako tartean Avanzadatik zetozen ibilgailuek Arrontegitik iristen zirenekin bat egiten zutelako Txorierriko Korridorera sartzerakoan", azaldu du Imanol Pradalesek, Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatuak.
Lanak 2019ko urrian hasi ziren, eta 11 milioi euroko inbertsioa suposatu dute; horien bitartez, honako lotura estrategikoak hobetu dituzte:
- Avanzada-Txorierri adarra bi erreitan bikoiztea.
- Arrontegitik Txorierriko Korridorera doazen ibilgailuentzako azpiko pasabide berria, Avanzada-Txorierri adarraren azpitik.
- Arrontegi-Enekuri ihesbidea doitu da.
Zehatzago esanda, behin azpiko pasabidea eginda, Avanzadatik iristen diren ibilgailuen eta Arrontegirik iristen direnen arteko bide-bateratzea ezabatu da Txorierriko Korridorera sartzerakoan. Toki horretan, puntako orduetan, batez beste 5.051 ibilgailuk egiten dute bat orduro; 1,4 ibilgailuk segundoko, hain zuzen ere.
Azpiko pasabidea sortzean, Arrontegitik datozen ibilgailuak Txorierriko Korridorean sartzen dira eskuinetik, Arrontegira desbideratuko badira, eta ezkerretik, errepidetik jarraitu behar badute. Erdiko erreietatik Avanzadatik iristen diren ibilgailuak sartuko dira. Horrela, bide-bateratze arriskutsua saihesteko helburua bete du Aldundiak. Azaldu dutenez, bide-bateratze horrek balaztadak eragiten zituen eta segurtasun-arazo larria suposatzeaz gain, ibilgailuen martxa moteltzen zuen puntako orduetan. Gainera, azpiko pasabidea egiteaz gain, Txorierri-Avanzada mugimenduari eusten dion adarrean beste errei bat egin ere egin ahal izan dute.
Diputatuak zehaztu duenez, "lanak zailtasunak izan ditu, eta horiei pandemiaren berezko eraginak gehitu behar izan zaizkie. Taldeek trafikoz inguratutako autobide-korapilo batean lan egin behar izan dute, eta autobidea zerbitzuan mantendu, ahalik eta kalte eta eragozpen gutxien eraginez. Hori dela eta gaueko jarduketa ugari egin behar izan dira".
Itsasadarraren azpiko tunelari ekin aurreko jarduketa
Lan horiekaz batera, Aldundioak beste jarduketa batzuk ere egin ditu inguruan Arrontegiko zubiarekiko hautabide ezak eragindako arazoak arintzeko. Obra horien artean burututa daude Kukularrako lehen fasea (5,1 milioiko inbertsioa), Artatzan Avanzada birmoldatzea (1,1 milioi euro), Plaiabarri birmoldatzea Avanzada eta Txorierriko Korridorea Arrontegirantz elkartzen diren tokian (2,6 milioi euro) eta Leioan Bilborako noranzkoan Avanzada birmoldatzeko obren bigarren fasea (2,7 milioi euro).
Bien bitartean, Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailak aurrera jarraitzen du itsasadarraren azpiko tunela eraikitzeko proiektuagaz; aurreikuspenen arabera, 2024an hasiko dira obrak. Tunela 2028an jarriko da martxan, eta Metropoliko Hegoaldeko Saihesbideagaz batera, Bizkaiko metropoli-saihesbide handia osatuko du.