La Palmako sumendiak kaltetutako kanariarrei laguntzeko elkartasun-kanpaina abiatu dute Erandion. Horretarako, alde batetik, Erandioko Udalak Aupa La Palma, Erandio zurekin leloa daramaten telazko 3.000 poltsa salduko ditu hiru euroko prezioan, herriko zenbait establezimendutan. Bestetik, bihar, abenduaren 18an, hainbat jarduera egingo dituzte Josu Murueta plazan.
"La Palmako biztanleen bizitza guztiz irauli da, eta Euskadin eta Erandion piztu den elkartasun olatuagaz bat egin gura izan dugu", adierazi du Aitziber Oliban Erandioko alkateak kanpainaren aurkezpenean. "Erandio oso udalerri solidarioa izan da beti hondamendi guztiakaz. Zapatu honetan, seguru erandioztarrek erantzungo dutela. Takolos eta Down Sindromea Fundazioko eta Astrabuduko Futboleko neska-mutilei esker fideua egingo da; gainera, mago batzuk arituko dira, eta musika bat eta abesbatza egongo dira ", iragarri du Gizarte Ekintzako zinegotziak, Maite Pérezek.
Hasteko, zapatuan, 11:00etan, Astrabuduko Gaztela eta Leongo Eskualdeko Zentroko dultzaineroen kalejira egongo da Astrabuduko kaleetatik; ondoren, Oliver eta Liuba magoen txanda izango da 12:00etan; eta, 13:00etan, batukadak herriko kaleak erritmoz beteko ditu. Jarduerak ez dira hor etengo, Radio Club Takolos taldeak prestatutako 400 pertsonentzako fideua dastaketa hasiko baita 13:00ean. Poltsa eta errazioak 5 eurotan salduko dituzte, eta batzen den diru guztia La Palma uharteko kaltetuentzako bideratuko dute. Gainera, saltzen ez den jatekoa Aunar elkarteari emango diote dohaintzan. Canta kantua Abesbatzak emanaldia egingo du ostean, eta, amaitzeko, zozketak eta sari-banaketa egingo dute.