Erandioko langabeen lan-munduratzea errazteko enplegu-plan berria aurkeztu dute

Erredakzioa 2021ko abe. 20a, 16:25

© ERANDIOKO UDALA

Erandioko Udalak herriko zenbait kolektiboren enplegagarritasuna eta lan-munduratzea bultzatzeko plana abiatuko du 2022ko urtarrilean. Gainera, egitasmo horren barruan, egoera zaurgarrienean dauden 41 langabe kontratatuko dituzte; lanpostuen % 20a dibertsitate funtzionala duten pertsonentzako bideratuko dute.

Datorren urteko urtarriletik aurrera, lan-merkatura sartzeko zailtasunak dituzten kolektibo erandioztarrei laguntza emateko eta lan-aukerak areagotzeko enplegu-plana abiatuko du Udalak. Bestak beste, gazteak, emakumeak, 45 urtetik gorakoak, iraupen luzeko langabeak, gizarte-bazterketa arriskuan daudenak edo COVID-19aren ondorioz beraien lana galdu duten pertsonak izango dira egitasmo honen onuradunak.

Edizio honetan, langabeen prestakuntza-aldeak landuko dituztela azaldu dute Erandioko udal-iturriek. Horren helburua da pertsona horiek kalitatezko enplegu egonkor bat bilatzeko aukera izatea, eta eskaera handiena duten enpleguen inguruko informazioa partekatzea eskualdeko enpresakaz.

Gainera, laneratzeko zailtasun bereziak dituzten eta lan-merkatutik baztertzeko arriskuan dauden pertsonen artean 41 langabe kontratuko dituzte sei hilabetez, lanaldi osoan, horien enplegagarritasuna hobetzeko helburuagaz; horren bitartez, beraien gaitasun pertsonalak eta motibazioa indartzeko aldi baterako lan-esperientzia jasoko dute.

Jorge Gonzalez zinegotziak azaldu duenez, berritasun gisa, lanpostuetako bederatzi dibertsitate funtzionala duten pertsonentzat gordeko dituzte, baldin eta gutxienez % 33ko desgaitasuna dutela egiaztatzen badute. Zehaztu duenez, ekimen hau gauzatzeko, 893.608 eurotik gorako inbertsioa egingo du Erandioko Udalak.

Sortuko diren 41 lanpostuak hauek dira: udal guneak eta eraikinak berreskuratzeko mantentze-lanak egitea, tokiko administrazioa digitalizatzen laguntzea eta, azkenik, Erandioko adinekoei arreta soziosanitarioa ematea. Profil profesional hauek hautatuko dira: 19 obrako peoi, obrako monitore bi, administrari bat, 12 peoi lorezaintza-lanak egiteko, lorezaintzako begirale bat, arreta soziosanitarioko bi, pertsona bat web-diseinuko lanetarako eta hiru digitalizaziorako.

Parte-hartzaileen baldintzak

Enplegu-plan honetan parte hartzeko, onuradunek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:  2019ko eta 2020ko enplegu-planetan kontratuak ez izana, adinez nagusiak izan behar dute eta Lanbiden izena emanda egon behar dute enplegu-eskatzaile gisa.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun