Erandioko Udalak 38,8 milioi euroko aurrekontua onartu du 2022rako

Ander Zarraga 2021ko abe. 30a, 14:57

Aurrekontuak onartzeko osoko bilkura modu telematikoan egin dute gaur.

Aurrekontu-proiektua EAJk eta PSEk osatzen duten gobernu-taldearen aldeko botoei esker onartu da; oposizioko taldeek, EH Bilduk eta Elkarrekin Pomodesek, aurka bozkatu dute. Horretaz gain, gaur, abenduaren 30ean, aurrekontua onartzeko egindako bilkuran, 2.991.400 euroko inbertsio-aurrekontua ere onartu dute 2022rako.

Erandioko Udalak 38.860.000 euroko aurrekontua onartu du 2022rako, aurrekoan baino ia % 17 gehiago (2021ean 33.250.000 euro); aldiz, Erandioko 2020ko aurrekontua 36.825.000 eurokoa izan zen. Gogoratu beharra dago Erandioko Udalak 2020ko aurrekontu luzatua izan duela 2021eko ekitaldian, COVID-19aren izurritearen ondorioz sortutako ziurgabetasun-egoerak eta diru-sarreren jaitsierak baldintzatuta ez baitzen aurrekonturik onartu.

"COVID-19ak gastu berriak eta ziurgabetasuna gure gain hartzera eraman gaituen arren, duela urtebeteko kontuak luzarazi zizkigun erantzukizun berari eutsi diogu, eta, horrek, aurrekontu arduratsu, egonkor eta errealista hauek aurkeztera garamatza. Pertsonen eta haien ongizatearen alde egiteko, mantentzeko eta, hala badagokio, zerbitzuak hobetzeko eta zabaltzeko, hain zuzen ere", adierazi du Aitziber Oliban Erandioko alkateak.

"Argi dago lehentasun batzuk nabarmen aldatu direla. Osasun-krisiak eragindako prebentzioari eta ondorio ekonomiko eta sozialei emandako arretak protagonismo berezia hartu du. Nolanahi ere, lehentasun horiek aldatu ahal izango dira hain desiratuta dagoen normaltasunera itzultzen bagara", erantsi du alkateak.

Aurrekontuen banaketa

Aurrekontu-proiektu horretako gastuen % 50 (19.265.684 euro) Herritarrak arlora bideratuko dute. Diru kopuru hori hainbat esparrutan banatuko dute, baina partida handiena jasoko duenak hauek dira: Gizarte Ekintza eta Garapenerako Lankidetza (5,2 milioi euro); kultura eta euskara (3,1 milioi euro); herri segurtasuna (3 milioi euro); gazteria, musika eskola eta hezkuntza (2,9 milioi euro) eta kirolak (2,8 milioi euro).

Horren ostean, Lurralde Garapena da bigarren partida handiena jasoko duen atala, aurrekontuaren % 36agaz, 14 milioi euro, hain zuzen ere. Azkenik, Antolakuntza atalarentzako 5,5 milioi euro bideratuko dituzte, guztiaren % 14a; puntu horren barruan daude aginte organoak (3,1 milioi euro); ogasuna eta ondarea (1 milioi euro); teknologi-berrikuntza, komunikazioa eta herritarren partaidetza (757 mila  euro); eta funtzio publikoa eta giza-baliabideak (563 mila euro).  

Aurrekontuon helburuak

Udal-iturriek zehaztu dutenez, 2022ko inbertsio-aurrekontua 2.991.400 eurokoa da, eta partida garrantzitsuenen artean daude Josu Murueta plazaren birmoldaketa, San Agustin plaza, Goikoa-La Magdalena eremuko saneamendua eta A2 eremuaren urbanizazioa, Altzagako BM supermerkatuaren atzealdean.

Bestalde, Udalak honako jarduketak ere aurreikusi ditu: Astrabuduako hezegunea egokitzea, E!Bizikletan seinaleak, komun publikoak, pantalana eta ikastetxeak. Horretaz gain, aurrekontu-proiektuan Udalarentzat garrantzitsuak diren bestelako lan-arloak ere azpimarratu dituzte: herritarren ongizatea eta hobetzea, langabeziaren aurkako borroka, gizarte-laguntzen bermea eta hiriguneetatik urrutien dauden biztanle-nukleoei arreta ematea. 

Oposizioaren ezekoa

EH Bilduko bost zinegotziek eta Elkarrekin Podemoseko biek —gobernu-taldea osatzen duten EAJk eta PSEk bederatzi eta bost zinegotzi dituzte, hurrenez hurren— aurrekontuen aurka bozkatu dute. Iñaki Agirre koalizio abertzaleko zinegotziak adierazi du aurrekontuen aurka bozkatu dutela, "sozialki eskasak direlako eta ez diotelako egungo egoera sozialari erantzuten". Gainera, aurrekontu-proiektuari 30 emendakin aurkeztu dizkiotela azaldu du, baina gobernu-taldeak bakarrik bi onartu dituela azaldu du: komun publikoei eta auzoen arteko bizikleta-loturari buruzkoak, hain zuzen ere.

Horretaz gain, kritikatu dute zerbitzu publikoen pribatizazioa guztiz nagusitzen ari dela, eta gainera, "urterik urtera, lizitazioen prezioen igoerak oso altuak dira; gastu korrontearen ia % 30 inguru eramaten dute enpresa hauek".

Bestalde, azaldu du Udaleko karguek dituzten soldatakaz ez daudela ados, eta horiek % 20an murrizteko proposatu diotela Udalari, baina horrek ere ezetza jaso du: "Liberatuek eta  izendapen askeko karguek izugarrizko soldatak dituzte, eta ez dago horiek jesaiteko borondaterik".

Gainera, oposizioko taldeak deitoratu du ez dituztela auzoetako hainbat problematika kontutan hartu, eta Asuagoikoa, Enekuri edo Lutxana bezalako auzoak "abandonatu" dituztela  adierazi dute. Kutsaduraren arazoa ere alde batera utzi dutela azaldu du Agirrek, neurgailuak eskatu arren gobernu-taldeak ezetz esan baitie.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun