Murueta ontziolak Tuugaalik itsasontzia uretaratu du Erandion

Ander Zarraga 2022ko urt. 7a, 10:27

Tuugaalik, Murueta ontzioletatik Groenlandian ganbak arrantzatzera. © MURUETA ONTZIOLA

Groenlandiako uretean ganbak arrantzatu, prozesatu eta izoztuko dituen ontzia puntako teknologiagaz egongo da ekipatuta; 2023an amaitu eta Qaleralik Groenlandiako armadoreari emango diote. Ontziolarentzat, "hau urrats sendoa da erreferentziako ontziola gisa posizionatzeko".

Erandioko Murueta ontziolak Tuugaalik arrantza-ontzia uretaratu du aste honetan. 82,30 metroko luzera duen lantegi- eta izozkailu-ontzia 2023an bukatzea aurreikusi dute, eta, orduan, Groenlandiako gobernuarena den Qalearik armadoreari emango diote. Muruetako ontziolek Groenlandiako armadorearentzako egiten duten laugarren itsasontzia da. 

Puntako teknologiagaz ekipatutako arrantza-ontzi honek Ipar Atlantikoan eta Ozeano Artikoan ganbak arrantzatu, prozesatu eta izoztuko ditu. Bere diseinu eta teknologiari esker, itsasontziak arrantzatuko dituen ganbak egosi eta paketatuko ditu, produktua banatzeko prest utziz; horretarako, ontziak erabat automatizatutako faktoria izango du.

Murueta ontziolatik azaldu dutenez, honek "funtsezko mugarri bat betetzen du: tripulaziorako eta mota guztietako operazio eta baldintza meteorologikoetarako segurtasun-estandar altuenak txertatzen baititu. Helburua tripulazioari bizitza ahalik eta erosoena egitea da".

"Pauso sendoa"

Ontziolarentzat, "hau urrats sendoa da erreferentziako ontziola gisa posizionatzeko, porturatze-ontziak fabrikatzen dituztenean", adierazi dute. Bestalde, gogoratu dute ontziolak martxan daramatzan 80 urteetan 326 itsasontzi eraiki dituela.

Horregaz batera, ontziolan Murueloil armadorearentzako propultsio hidrikoko erregaia erabiltzen duen ontzi bat ere ari dira eraikitzen, eta 2022an entregatzea aurreikusi dute. Propultsio hibridoz diseinatutako mota horretako lehen ontzia izango da, bateriak erabiliz energia biltegiratzeko sistema berritzaile bat baliatuko baitu. Gainera, ontziolak azken belaunaldiko propultsio diesel-elektrikoko bi karga-ontzi ere baditu egiteke.

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun