Erandiora bisitariak erakartzeko Turismo Plana aurkeztu du Udalak

Ander Zarraga 2022ko urt. 12a, 14:04
Erandiok itsasadarreko turismoa erakartzeko plana abiaraziko du. © CC-ZARATEMAN

Itsasadarreko ibilbide turistikoetan txertatzeko eta baliabide turistikoak indartzeko helburua ezarri du Udalak aurten. Horretarako, hainbat helburu eta betebehar ezartzen dituen Turismo Plana idatzi dute.

Erandiok turista gehiago erakartzeko lanean jarraitzen du, 2019an udalerria turismoarentzako gune gisa ikusarazteko prozesua abiatu zutenetik. Ordutik, hainbat jarduera burutu dituzte, besteak beste, agintaldi honetan idatzitako Turismo Plana.

Jorge Gonzalez Turismoko zinegotziak azaldu duenez, "plan horrek herria turismo-helmuga gisa hobetzeko aukera ematen du, modu iraunkorrean eta errespetuz". Zehaztu duenez, egitasmo horren asmoa da Erandio itsasadarrari lotutako beste herri bat bezala kokatzea. Zentzu horretan, zinegotziak azpimarratu du "itsasadarreko ondareaz gozatzeko palkorik onena" duela Erandiok, eta, horregatik, eskuinalde osoan hazkunde turistiko handiena duen udalerria dela.

Halaber, Erandio helmuga turistiko gisa kokatzeko hiru ardatz estrategiko ezarri dituzte hasi den urte honetarako: baliabideak indartzea, erakargarritasun turistikoa sortzea eta produktu turistikoak sortzea. Horretarako, ekintza-programa bat abiatu dute, udalerria Ibaizabal-Nerbioi itsasadarrean eta autonomi-erkidegoan helmuga turistikoa izan dadin, Basquetorurrek 2021eko Ekintza Planeko lehentasunezko turismo-produktuak kontutan hartuta.

Ekintza-planerako 23 jarduera

Erandioko turismoa bultzatzeko, gauzatu beharreko 23 ekintza definitu dituzte ekintza-planean. Horietako bakoitza fitxa batean garatu eta helburuak lortzeko item nagusiak zehaztu dituzte. Gainera, Erandioko turismoa sustatzen lagunduko duten sustapen-ekintzen programa bat ere sartu dute plan horretan.

Zehaztu dituzten lehen ekintzen artean lehentasunezkoak diren batzuk identifikatu dituzte: turismoa sustatzeko programa indartsu bat sortzea, turismoaren kode etikora atxikitzea, Euskal Kostaldea programan sartzea, bisitarientzako harrera-gune bat ezartzea, langile turistikoak prestatzea eta profesionalizatzea, itsasadarrean zehar bisita-programa sendotzea Gasolinoaren bidez, turismo geologikoa sustatzea eta hedatzea, kultura-ondarea balioestea, edo industria-ondarea aintzat hartzea.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun