Erandion, indarkeria matxistaren biktimak diren emakumeei arreta zuzena ematen dieten profesionalei prestakuntza berezia ematen ari zaie Udaletik. Jakinarazi dutenez, daborduko emakumeen aurkako indarkeria kasuetarako koordinazio-protokoloa martxan jarri dute eta, horretaz gain, Udalaren baliabideak kudeatu eta koordinatzeko sistema bat abiaraziko dute laster.
Zehaztu dutenez, martxan jartzen ari diren egitasmo horien helburua da indarkeria matxista mota guztiei heltzea eta, era berean, Udaleko baliabide eta agente ezberdinen elkarlana koordinatzea. Jorge Gonzalez Berdintasun zinegotziak zehaztu duenez, “indarkeria horren jatorrian dagoen egiturazko desberdintasuna ezabatzea lehentasuna eta premia handieneko bat da Udal honentzako”. Tresna horien bitartez, artatutako kasuen inguruko informazio zehatza bilduko dute eta, horren bitartez, kasuen azterketa eta jarraipen profesionalerako mahai bat sortu gura dutela azaldu dute; ikuspegi feministatik gizarte-laneko, arreta psikologikoko, enpleguko, juridikoko eta polizialeko diziplinak barnean hartuko dituena.
Ildo horretan, Errotik Kooperatiba arduratu da Udalak indarkeria matxistaren arloan esku-hartzea eraginkortasunez gauzatzeko beharrezkotzat jotzen duen lana bideratu eta antolatzeko protokolo horren diseinua eta kudeaketa egiteaz. Horretarako, emakumeen aurkako indarkeria-kasuak detektatzen eta artatzen esku hartu ohi duten Udaleko arloetako profesionalen ekarpenak eta esperientzia jaso dituztela zehaztu dute