Eguaztenero, Erandioko udaletxearen aurrean protesta egiten hasi dira Udaleko arlo ezberdinetako hainbat langile. Salatu dute Udalak lan-egutegia aldatu diela eta lehen hitzartuta zituzten hainbat opor-egun kendu dizkietela. Duela urte batzuk, Udalak legez agindutako soldata-igoera ezin izan zuenez egin, langileei opor-egunak eman zizkien konpentsatzeko.
ELA, LAB eta UGT Sindikatuetako ordezkariek zaldu dutenez, jardunaldietako lanorduak laburtu dizkiete, urteko ordu-kopurua betetzeko, baina aurretik adostutako egutegiko opor-egunak kenduz. Horren bitartez, Udalak oporraldiak betetzeko ordezko langileen kontratazioa aurreztu gura duela deitoratu dute: "Alkateak, dekretu bidez eta adostasunik gabe, 2022ko egutegia aldatu zuen, lan-baldintzak okertuz, atseden-egunak kenduz eta kontziliaziorako aukerak murriztuz".
Neurri horren aurka ere azaldu dira etxez etxeko arreta-zerbitzuko langileak. Behargin horiei 2021eko uztailean aldatu zieten lan-egutegia, Gabonetako eta Aste Santuko egun libreak kenduz. Garai horretan behargin horiek adierazi zutenez, "lan-baldintzen funtsezko aldaketa horregaz Udalak diru apur bat aurreztuko du, egun horietan ordezkapenak egiten dituzten lan-poltsako langileen gastua, hain zuzen ere".
Langileek epaitegietara eraman zuten auzia, eta urtarrilaren 12an, baina epaileak Udalari eman zion arrazoia. Orain, langileek errekurtsoa jarriko dute eta protestak egiten jarraituko dutela iragarri dute.