Erandiogoikoako San Jose zahar-egoitzako eta mendekotasuna duten pertsonentzako eguneko zentroko zerbitzuetan hainbat hobekuntza egingo dituztela jakinarazi du Erandioko Udalak. Azaldu dutenez, daborduko dauden zerbitzuak indartzeko, zenbait zerbitzu hobetzeko kontratua lizitatuko dute, hala nola psikologoaren, fisioterapeutaren eta aisialdirako begiraleen lan-orduak areagotuko dituzte.
Gainera, administrazio-lanak egiteko, enpresa esleipendunak honako lanpostu hau eskainiko du: administrari laguntzaile bat, astean 20 lan-orduko kontratuagaz, 09:00etatik 13:00etara, astelehenetik barikura. Aurreko baldintza-agirietan ez zegoen figura profesional hori, eta, gaur egun, Udalak kontratatutako administrari batek betetzen ditu eginkizun horiek. Enpresa esleipendunak, hobekuntza gisa, asteko ordutegia 40 ordura arte luzatu dezake.
Lizitaziora aterako den kontratuak 8.400.000 euroko aurrekontua (BEZ barne) eta lau urteko exekuzio-epea izango du. Gainera, kontratua urtebetez luzatu ahal izango da, baina horren iraupena ezin izango da bost urtetik gorakoa izan.