Igogailu batek Altzagako Ategorribarri auzoko irisgarritasuna hobetuko du

Ander Zarraga 2022ko ots. 9a, 12:48

Igogailuak 5,5 metroko aldapa gaindituko du, auzoko irisgarritasuna hobetuz. © ERANDIOKO UDALA

Uda amaierarako bukatuta egongo den igogailu berri batek Ategorribarri auzora heltzeko 5,5 metroko aldapa gaindituko du. Bareterretxe eta Gernika kaleen elkargunean egongo den egiturak 150.000 euroko kostua izango du.

Altzagako Ategorribarri auzoko 10 ezkaratzetara heltzeko 5,5 metroko aldapa igo beharra dago, eta irisgarritasuna ez dago bermatuta. 144 etxebizitza dituen auzoko sarbidea hobetzeko, Gernika eta Bareterretxe kaleen elkargunean igogailua eraikiko dute, Ategorribarri auzoaren barrualderantz. Daborduko lehen jarduketak egin dituztela azaldu dute udal-iturriek, baina zerbitzu berria uda amaieran bukatuta egotea aurreikusi dute.

1965ean eraikitako auzo horretako biztanleek aspalditik irisgarritasuna hobetzeko eskari bati erantzungo dio egitasmoak. Horretarako, Eusko Jaurlaritzak 100.000 euroko diru-laguntza emango dio Erandioko Udalari, irisgarritasuna hobetuko duen hiri-igogailua eraiki dezan. Guztira, inbertsioak 150.000 euroak gaindituko dituela zehaztu dute.

Halaber, egitasmoak ahalik eta inpaktu bisual txikiena eragitea eta bizilagunen ikuspegian eraginik ez izatea izango da helburuetako bat, egitura berria hiri-paisaian integratu dadin.

Egitasmoa aukeratu aurretik bestelako hautabideak ere aztertu dituztela azaldu dute arduradunek, baina irizpide tekniko eta ekonomikoetara hobeto egokitzen dena aipatutako igogailuarena dela azpimarratu dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun