Asua auzoan, izen bereko erreka zeharkatzen duen zubia itxi du Erandioko Udalak. Udal-iturriek azaldu dutenez, Sondikale industria-gunearen sarbide horretatik kamioi astunak pasatzen dira, baina horrek egituraren segurtasuna kolokan jartzen du, beraz, pasabidea hormigoizko blokeakaz zarratu dute. Udalaren asmoa da oinezkoen eta bizikletentzako bidea bezala mantentzea; hala ere, etorkizunean beste aukera batzuk ikertuko dituztela adierazi dute.
Auzoko bizilagunek eta inguruko lantegietako beharginek erabakia kritikatu dute, eta Erandioko Udalari exijitu diote zubia ibilgailu arinentzako zabal dezan: "Erabaki desegokia da eta bertako bizilagunoi eta langileoi kaltetzen gaitu, erabateko desinformazio testuinguruan egin delako", deitoratu dute Asuako Auzokideok auzo-elkarteko kideek. "Udalak zubi horretan trafikoa arautzeko gaitasunik ez izateak ezin du auzoko bizilagunen eta Erandioko eta Sondikako lantegietako beharginen eta enpresen aurkako zigorrik ekarri", gaineratu dute.
Bizilagunek azaldu dutenez, erabaki horrek inguruko jarduera ekonomikoa murriztuko du, aparkatzeko lekua ere kendu duelako. Gaineratu dutenez, "uzten diguten hautabide bakarra istripu-tasa handia duen errepide arriskutsu bat da". Bestalde, larrialdi kasuetan anbulantzien edo suhiltzaileen sarbidea oztopatuko lukeen erabakia ere dela erantsi dute.
Auzo-elkartea
Horren harira, Erandioko Auzokideok, Asuako bizilagunek eta Sondikale industriaguneko beharginek Asuako Auzokideok plataforma eratzea erabaki dute. Beraien helburu nagusia zubia berriz zabaltzea izan arren, ekimena baliatu gura dute auzoko bizi-baldintzak salatzeko. Diotenez, erakundeengandik abandonatuta sentitzen dira. "Kutsadura larria, uholde arriskua, despopulatzea, Asuako tren-geltokiaren desagertzea, zerbitzu falta eta, orain, zubiaren itxiera; Asuako bizitegia desagertzeraino zigortu gura balute bezala da", deitoratu dute.
Horrenbestez, auzo-elkarte berriak sinadurak biltzeko kanpaina abiatu du bizilagunen eta inguruko lantegietako beharginen artean, Udalari zubia berriro zabal dezan eskatzeko.