Erandion turismoa sustatu eta bizilagunen artean ondarea zabaltzeko tresna berria aurkeztu du Udalak. Bertan, inguruko jatorri geologikoa, elizatearen jaiotza edo Erandioko industriaren eztanda ezagutzeko sei ibilbide turistiko proposatzen dituzte.
Ibilbide horietan, besteak beste, ezagutzera emango dira Altzaga auzoa nola jaio zen, industria ezberdinen eta langileen etxe-bizitzen eremuan sortutako Lutxana auzoaren jatorria, Erandiogoikoa eta Enekuriko nekazaritza-gunearen eta lantegien arteko nahastea, Erandioko alderik landatarrena Goiherriko baserri eta errota zaharrakaz edo duela milaka urteko elementu bolkanikoak. Horretarako, argitalpenak sei ibilbide proposatzen ditu, auzoetako xehetasunez azalduz, bakoitzaren deskribapen historiko, geologiko eta arkitektonikoakaz.
Halaber, ibilbide bakoitzaren zailtasun maila, luzera eta gutxi gorabeherako denbora ere zehazten ditu gidak, aukeraketa errazteko. Horretaz gain, udalerrian zehar mugitzeko garraio publikoaren zerbitzu ezberdinen informazioa ere eskaintzen du.
Jorge Gonzalez Turismo zinegotziak azaldu duenez, "liburuxka Erandio Turismo webgunearen bidez deskargatu ahal izango da eta, gainera, Udaleko zenbait puntutan ere eskuragarri egongo da, hala nola Behargintzan, bai eta hala eskatzen duten udalerriko ostatuetan eta ostalaritza-lokaletan ere".