Domekan, hainbat herritar elkartu ziren Gabonetan Erandioko Martiartu kaleko etxe bat okupatu zuen familiaren aurka protesta egiteko. Iturri ezberdinek jakitera eman dutenez, etxeko jabeek bertatik alde egin zuten, eta, hori baliatuz, beste familia bat sartu zen bizitzera.
Azaldu dutenez, etxearen jabeek hura utzi behar izan zuten auzokide bategaz izandako arazoengatik eta aldameneko lantegi batek eragindako zaratengatik; hala ere, fakturak eta 500 euroko hipoteka ordaintzen jarraitzeaz gain, itzultzeko asmoa omen dute.
Horren aurrean, Erandioko Auzokideok plataformak deituta, protesta egin zuten atzo, martxoaren 6an, etxeko jabeei laguntza adierazteko, eta okupak bertatik ateratzeko exijitzeko. Hala ere, okupek adierazi zuten ez dutela bertatik atera eta kalean bizitzera joateko asmorik, eta bertan jarraitzeko erabakia berretsi zuten.
Elkarretaratzean parte hartu zuten batzuk leihoak kolpatzen hasi ziren, eta oihuka esan zieten bertatik joan behar zutela. Orduan, okupetako batek pistola bat erakutsi zuen leihoaren kristaletik, mehatxuka, eta, horren ondorioz, bizilagunek Ertzaintzari deitu zioten. Agenteek pistola balinena zela egiaztatu eta arma konfiskatu ondoren okupa salatu zuten.
Gertakari horren aurrean, auzo-elkarteak dei egin die erakunde publikoei eta justiziari, "arazo horiek konpontzeko lan egin dezaten, eta ez daitezen gehiago ezkutatu, haien utzikeria eta interes-eza direla eta". Era berean, beharrezko esku-hartze judiziala eta politikoa eskatu dute etxebizitza familia jabeari itzultzeko, eta Udaleko eta Aldundiko gizarte-zerbitzuek familia okupatzaileari laguntza eta hautabideak emateko.