Egitasmo hori gauzatzeko udalerriko kluben, elkarteen, kiroldegietako erabiltzaileen eta herritarren parte hartzea izan dutela azpimarratu dute udal-iturriek. Zentzu horretan, Udalak inkestak eta galdeketak egin zituen herritarren eta erabiltzaileen artean, beraien iritzia ezagutzeko eta taldeen proposamenak batzeko. Besteak beste, kontutan hartu dituzte mugikortasun urbanoa, azpiegiturak, sarbide-politikak, tasa-publikoak, ohitura osasungarriak sustatzeko helburua, modernizazioa eta eraldaketa digitala.
Halaber, azaldu dutenez, Haurren Kontseiluak egindako proposamenak ere kontutan hartu dituzte, eta ekarpenak egin dituzten bi talde ere osatu dituzte udalerriko kirol-instalazioen erabiltzaile diren hainbat pertsonagaz. Horri esker, ardatzak izango diren arloak zehaztu ahal izan dituzte, erabiltzaileen beharrizan ezberdinei erantzuna emateko, hala nola umeei zuzendutako ekintzak, zahartze osasungarriagaz eta herritarren bizi-kalitatea hobetzeagaz lotutako programak osatzeko. Horretaz gain, herritarrei kalitatezko zerbitzua eskaintzeko neurriak ere hartuko dituztela azaldu dute, batez ere, zaurgarriagoak diren kolektiboei sarbidea bermatzeko.
Era berean, diru-laguntzen alorrean berrikuspenak egingo dituztela adierazi dute eta kirol-instalazioen eta azpiegitura publikoen memoria bat ere egingo dute jarduerak eta egutegiak osatzeko erreferentzia modura baliatzeko.