Hidrokarburoak garraiatzeko Europako lehen ontzi hibridoa uretaratu dute Erandion

Ander Zarraga 2022ko api. 22a, 11:49

Itsasontzia 2022ko abenduan entregatuko diote Mureloil armadoreari.

Muruetako ontziolek hidrokarburoak garraiatzeko eta itsaso zabalean hornitzeko ontzia itsasoratu dute aste honetan. Erandioko instalazioetan eraiki duten itsasontzia Europan eraikitzen den lehen propultsio hibridokoa da, hau da, propultsio diesel eta elektrikoa baliatzen ditu, horri esker, portuan zero soinu eta CO2 igorpenak izango ditu.

Bahia Levante izeneko itsasontzia Mureloil armadorearentzat eraiki dute Erandioko Murueta ontzioletan. Europan egiten den lehen propultsio hibridoko itsasontzia da, eta horri esker diesel eta baterien bidez energia biltegiratzeko sistema bat izango ditu, kutsadura eta soinua nabarmendun gutxituko dituena.Ontziolako arduradunek zehaztu dutenez, hidrokarburoen karga likidoak findegien eta kontsumo-puntuen artean garraiatzeko eta, hornidura-ontzia izanik, itsasontziak itsas zabalean erregai-andelak betetzeko aukera emango du.

Ontzi berriak 92,5 metroko luzera eta 18 metroko zabalera ditu, 7.800 metro kubikoko edukiera duten karga-tankeak eta 11 laguneko eskifaia hartzeko prest dago. Muruetako ontziolen bulego teknikoak diseinatu du itsasontzia Murueloil armadorearen bunkering-aren esperientziagaz, eta 2022ko abenduan entregatzea aurreikusi dute.

Apirilaren 20an egin zuten uretaratzean Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua eta Repsol, Cepsa, Trafigura, Nyala eta Stenaoil enpresetako arduradunenak egon ziren, besteak beste, ontziolak jakinarazi duenez.

Muruetako ontziolen 325. eraikuntza da Bahia Levante, teknologikoki aurreratuak dauden eta berrikuntza-osagai handia duten ontzien diseinuaren aldeko apustua sendotzen duena. Ontzi horiek energia-eraginkortasuna eta erregai berrien erabilera bilatzen dutela zehaztu dute arduradunek.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun