Udalak eskaintzen dituen zerbitzuen eta ekipamenduen irizpideak bateratzea eta berrantolatzeko helburua duen ordenantza berria onartu du Erandioko Udalak. Zehaztu dutenez, araudi berri horren bitartez herritarrentzako eremua osatzen duten udal-arlo guztiei dagozkien zerbitzuak emateko eta guneak eta ekipamenduak lagatzeko irizpideak bateratu gura izan dituzte. Horien barruan ez dira zerbitzu soziosanitarioak sartuko (San Jose etxea, eguneko zentroa eta etxez etxeko laguntza-zerbitzua), horien ezaugarriak espezifikoak baitira.
Prozesua irekia eta parte-hartzailea izan dela azpimarratu du Udalak, izan ere, ordenantza 2022ko ekitaldirako Urteko Araugintza Planaren barruan sartu zuten. Plan hori alkatetzaren 193/2022 dekretuaren bidez onartu zuten, eta gardentasunaren atarian eta Udalaren webgunean argitaratu zuten. Ondoren, aldez aurretik kontsulta publiko bat egin zen hura onartzeko beharrari edo komenigarritasunari buruz, eta, azkenik, ordenantzaren zirriborroaren edukia jakinarazi dute, udal-webgunean argitaratuz eta udalerrian erregistratutako elkarte guztiei posta elektronikoz bidaliz.
Espedientea jendaurrean jarriko dute 30 egunez, edozein interesdunek aztertu eta egoki iritzitako erreklamazioak, alegazioak edo iradokizunak egin ditzan. Jendaurreko epean erreklamaziorik edo iradokizunik aurkezten ez bada, erabaki behin betiko hartu dela ulertuko da.