Gazte kualifikatuen lan-munduratzea errazteko Hazilan programaren XI. edizioa martxan dago

Erredakzioa 2022ko mai. 16a, 10:56

Erandioko Udaleko Enplegu Arloak Hazilan programaren edizio berrian izena emateko epea zabaldu du. Horren helburua da 20 eta 44 urte bitarteko gazte kualifikatuen laneratzea erraztea, baldin eta unibertsitateko titulua edo goi-mailako prestakuntza-zikloa badute, langabezian badaude eta beren ikasketakaz bat datorren lanpostu bat bilatzen ari badira.

Bilketak eta hautaketak maiatzaren 31ra arte iraungo dute, eta programa ekainaren 13an hasiko da. Laneratzea errazteko ekimenak 15 plaza izango ditu eskuragarri, eta prestakuntza espezializatuaren bidez, parte-hartzaileak berraktibatu eta motibatzeko zenbait baliabide erabiliz etorkizuneko itxaropenak dituzten lanpostuetara iristeko laguntza emango zaie.

Programan hainbat eremu landuko dituzte, hala nola oinarrizko gaitasun soziolaboralen prestakuntza, enplegua bilatzeko eta lana aktibatzeko prestakuntza eta benetako lan-esperientzia.

Lehen fase horrek Aktibatu izena du. Horren ardatza laneratzeko eta aktibatzeko laguntza da, banaka zein taldeka, gaitasun pertsonalak eta profesionalak eskuratzeko prestakuntza espezializatuagaz, zeharka ematen direnak askotariko lanbideetarako, pertsonaren alderdi integralak jorratuz: fisikoa, kognitiboa eta emozionala. Bestalde, lehen zati hori amaitutakoan, Kokatu izeneko bigarren fasea hasiko dute. Fase horretan, parte-hartzaile bakoitzak praktikak egingo ditu enpresa batean, lanbide-profilaren araberako lan-esperientzia lortzeko eta, horrela, lan-aukerak sustatzeko.

Programan Eusko Jaurlaritzak eta Lanbidek parte hartzen dute, Europako Gizarte Funtsak % 50ean finantzatzen du, eta Garapenek (Garapen Agentzien Euskal Elkartea) koordinatzen du, planteatzen diren pertsona eta enpresen eskaerei estaldura eskaintzeko, hain zuzen. Interesdunek informazioa eskatu eta izena eman dezakete, inolako kosturik gabe, hazilan1@erandio.eus helbidean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun