Udal-iturriek azaldu dutenez, gobernu-taldea esfortzu eta baliabideak ari da bideratzen kale-garbiketako zerbitzua hobetzeko helburuagaz, horretarako, 2,7 milioi eurotik 3,2 milioi eurora areagotu zuen aurrekontua iaz, bai pertsonala bai gailuak hobetzeko. Gainera, Altzagan eta Astrabuduan langileentzako lokal bi ere gaitu dituela jakinarazi du.
Udalak eskuratu dituen makina berrien artean, kuboak eramateko karro elektrikoen abantaila nabarmendu dute: "Langileek errazago mugitu ahal izango dituzte, eta, horri esker, ahaleginak aurreztu eta lan-baldintzak hobetuko dituzte". Horietaz gain, guztira, 992.000 euroko inbertsioa egin dute honako makina berri hauek erosteko: espaloiak erraztatzeko makinak, mota ezberdinetako brigada elektriko arinak, ekortzeko bi makina elektriko, espaloietara xurgagailu elektrikoak, kuboak eramateko bederatzi karro elektrikoa eta baldeatzeko makina bat.
Azpimarratu dutenez, "unitate berriek energia garbiagoak, ekologikoagoak, eraginkorragoak eta jasangarriagoak erabiltzen dituzte, ingurumen-inpaktua murrizteko eta, aldi berean, errendimendu handiagoa lortzeko".
Horretaz gain, iragarri dutenez, hurrengo aurrerapausoa hondakinak batzeko zerbitzuari dagokiona izango da, zeregin horretarako flota berritzeko asmoa baitu Erandioko Udalak, eta, besteak beste, atez ateko beiraren bilketa errazteko gailuak eguneratuko ditu; hala ere, ezarpena progresiboa izango da eta 2023an jarriko da martxan.