Daborduko argitaratu dituzte Udako Karkaraldien (2010 eta 2019 artean jaioak) eta Auzolan Gaztealdian (2004 eta 2009 artean jaioak) parte hartuko dutenen gaztetxoen behin betiko zerrendak. Guztira 522 umek parte hartuko dute hilaren 7tik uztailaren 29ra bitartean egingo diren jardueretan.
Behin normaltasunera itzulita, Erandioko Udalak antolatzen dituen gazteentzako udako jarduerek euren ohiko erritmoa berreskuratu ahal izango dute aurten. Gainera, berrikuntza gisa, jangela-zerbitzua ere eskainiko dute 14:00etatik 15:00etara. Horretarako, oinarrizko menu bat eskainiko diete, elikadura-intolerantzietara eta-alergietara egokituta, bai eta udalekuetan parte hartzen duten adingabeen kultura desberdinetara ere.
Jardueraren ordutegia 09:00etatik 14:00etara izango da, eta haurtzaindegi-zerbitzua eskainiko dute 08:00etatik 09:00etara eta 15:00etatik 16:00etara.
Antolatzaileek azpimarratu dutenez, euskara hizkuntza-eredu nagusi gisa hartuko dute jarduerotarako, eta programazioa txanda eta adin-talde bakoitzaren arabera osatuko dute, beraz, programa desberdinak gauzatuko dituzte. Hauek dira jarduerak hasi eta amaituko diren topaguneak: Gaztetxokoa, Altzagan; Josu Murueta, Astrabuduan; eta Gizarte-zentroa, Erandiogoikoan.
Bestalde, unean-unean honako gune hauek erabiliko dituzte: gaztetxea, Astrabuduako anbulatorio zaharra, Arriaga eta Lutxanako eskolak, San Lorenzo futbol-zelaia, udal-kiroldegietako igerilekuak, Erandiogoikoako zentro soziokulturala, udalerriko baselizak edo Kukularrako kirol-instalazioak.
Era berean, normaltasunera itzulita, udalerritik kanpoko irteerak ere berreskuratuko dituzte. Arboleda, Itsas Museoa, EITB, Arrigunagako hondartza, Barakaldoko Ingurumen Interpretazio Zentroa edo Sopuertako igerilekuak bisitatuko dituzte, besteak beste.