Erandioko Udaleko Osasun Publikoko arduradunak, Oskar Riosek, adierazi du gazteen artean sexu-transmisiozko gaixotasunek gora egin dutela azkenaldian, besteak beste, GIBa bezalako gaitzetarako tratamenduak hobeak izatean "biztanleria erlaxatu egin delako". Riosek gaineratu duenez, "tratamendu horien moduko albiste positiboek eragin dute kutsatzeko beldurra galtzearen ondoriozko gaixotasunen tasak gora egitea. Horregatik, gazteek beren burua babestearen garrantzia ezagutu dezaten laguntzen jarraitu behar dugu".
Zentzu horretan, uda honetan, Erandioko jai-inguruetan, profilaktikoak eta informazio-triptiko batek osatutako materiala banatuko dute gazteen artean: baginako harremanetarako kondoi batek, uzki-harremanetarako kondoi batek eta ahozko sexu-harremanetarako latexezko hesi batek osatuta egongo da kit hori .
Aitana López Berdintasunerako ordezkariordeak nabarmendu gura izan du baginako harremanetatik haratago sexua dagoela eta praktika guztiak seguruak izatea bultzatu gura dutela, baimendutakoak eta desiratutakoak izateaz gain. Ildo horretan, adierazi duenez, "erakundeetan gauden pertsonok sexu-indarkeriaren aurka borrokatu behar dugu, hezkuntza afektiboa azpimarratuz eta gogoratuz sexuan bai baino ez dela bai".