Erandioko udal-iturriek jakinarazi dutenez, uztailaren 10a baino lehen, Peñes-Andramaiturri, Demosti-Arondo eta Erretza bideak asfaltatuko dituzte, 39.759,08 euroko zenbatekoa izango duten lanen aurrekontuagaz. Gainera, Lopertu-Ibarrondo bideko eta Antonio Trube aparkalekuko zoladurak ere berrituko dituzte, 44.280,31 euro eta 33.880ko gastuakaz, hurrenez hurren. Horretaz gain, Udalak Beaskoetxe eta Sanpablomendi bideak berritzeko 15.983,05 euro eta 13.191,25 euro bideratuko ditu, hurrenez hurren. Zehaztu dutenez, aipatutako diru-partida horiek BEZa daramate barne.
Beste alde batetik, Goierriko Ugarte auzoan iaz ekin zituzten berrasfaltatze-lanak behin bukatuta, argiztapen-sistema ari da jartzen Udala; kale-argi berriek sistema fotovoltaikoa darabiltela zehaztu du. Gainera, Erandiogoikoan hesi bat konpondu eta Enekuriko erabilera anitzeko zelaiko zoladura berritu eta inguru horretan jolas berriak jarriko dituela ere iragarri du.