Ekimen horregaz, Erandioko Gautxoriak elkarteko kideen asmoa da "herria biziaraztea eta euskara plazarekin lotzea"; horretarako, hiru saio antolatuko dituzte iraileko domeketan, guztiak "mimoz eta gustuz prestatuak". Ikuskizunak malekoian egingo dituzte, Gasolinoaren geralekuaren ondoan, 18:00etan hasita. Euria eginez gero, emanaldiak Gautxoriak elkartearen egoitzara eramango dituztela jakinarazi dute.
Lehen emanaldia Anari bakarlariaren eskutik etorriko da irailaren 11n. Horren ostean, 18an, Unai Iturriagak gidatuta, Eider Eibar ilustratzaileak eta Joseba Larretxe komikigileak paper zuriaren krisiari egin beharko diote aurre Iturriagak proposatzen dizkien gaiei erantzunak emanez. Antolatzaileek azpimarratu dutenez, marrazketa inprobisatuak "publikoaren sorpresa eta barregura piztu zuen aurreko urtean", horregatik, aurten ere bertaratzen direnek barre algarak bermatuta izango dituztela baieztatu dute. Bukatzeko, Porrumentzio musikariaren autokudeatutako musika estilo librezale eta anarkikoak itxiko du zikloa irailaren 25ean.