Hasi berri den prozesuagaz, 2023ko aurrekontua osatzeko gazteen eta auzoetako biztanleen iritziak batu gura dituela azpimarratu du Udalak. Horretarako, 80.000 euroko partida gordeko dute auzoetako bizilagunek zuzenean egiten dituzten eskaeretarako, baldin eta ez badute proiekturik edo obrarik behar; gainera, gazteek egiten dituzten ekarpenak betetzeko beste 20.000 euroko partida ere gordeko dute.
Ekarpenak egin gura dituzten herritarrek modu digitalean egin dezakete udal-webgunean dagoen formularioa betez. Bestalde, Udalaren aldizkarian, udal-liburutegietan, Josu Murueta kultur etxean eta Herritarren Arretarako Zerbitzuan banatuko dituzten formularioak ere bete ditzakete, eta aipatutako toki horietan laga. Horretaz gain, Udalak buzoi urdin ibiltaria ere mugituko du auzoetatik: Erandiogoikoan irailaren 5etik 11ra egongo da, Astrabuduan 12tik 18ra eta Altzagan 19tik 25era.