Historia, kultura eta jaia uztartzen dituen ekimena egingo dute zapatuan, Erandioko Astrabaudua auzoan; izan ere, 11:00etatik aurrera, soldadu karlista baten eta auzoko neskato baten arteko Euskal Ezkontza antzeztuko dute.
Gonbidatuak Don Tomas parkean elkartuko dira, eta eztei-segizioak inguruko baserrietatik ibilaldia egingo du senar-emaztegaiak batu eta hirigunera eramateko; ostean, harrera 12:30ean egingo diete Josu Murueta plazan. 13:30ak aldera, ezkontza-hitzarmena egin eta kontratua irakurriko dute. Bukatzean, ohorezko aurreskua dantzatu eta, 15:00etan, herri-bazkaria egingo dute. Arratsaldean, jaiak 18.00etatik iluntzera jarraituko du dantza eta musikagaz.
Karlistak eta liberalak
Aurtengo data eta gaia ez dituzte kasualitatez aukeratu, Erandioko historian Gudu Karlistek bere arrastoa utzi baitzuten; esate baterako, lehen Karlistaldiaren amaieran, 1836ko abenduaren 24an, Lutxanako batailan 6.000 soldaduk, karlistak zein liberalak, bizia galdu zuten.
Atsekabea eta etsipena nagusi ziren bitartean, amodioa loratzeko tartea ere egon zen, Camiruaga eta Lartategitar Canuta eta Mungiako Batailoiko soldadua zen Ascorratar Tomasen artekoa, adibidez. Trabudu Dantza Taldeko kideek baieztatu ahal izan dutenez, "pertsona horiek biak gure herrian bizi eta ezkondu ziran. Ohi dugun legez, erregistro eta dokumentuetara jo dogu, ekitaldi horretan jazotakoak ezagutu eta gurera ekarteko".
Ikerketa-lan horren bitartez, Gudu Karlisten garaian San Lorentzo baselizan hainbat ezkontza izan zirela jakin zuten, tartean, 1873an Canuta eta Tomasen artekoa. "Ezkontza-hitzarmen zibil eta erlijiosoak dokumentu oso baliotsuak izan jakuz ezkontza horren ingurukoez jakitun izateko eta irailaren 17an Astrabudun barriro be ospatuteko", azaldu dute dantza-taldeko kideek.
Guztia antolatzeko, Trabudu Dantzari Taldeko kideek Erandioko Udala, Astrabuduko Kantagune, Tahona Uribe, Iparraize Txistu Taldea, Gozoberri, Rosimar Floristería, Gautxoriak, Lonuse, Costura con ternura eta Scarparen laguntza izan dute.