Abian jarri dute lan-munduratzea sustatzeko 3R Programaren hirugarren edizioa Erandion

Erredakzioa 2022ko ira. 16a, 10:20

Kutxazainak eta apal-betetzailea da laneratze handiena izaten duen lanpostuetako bat.

Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun arloak tokiko enplegu-plan berri bat bultzatuko du Erandion, COVID-19ak eragindako krisiaren ondorioz beren enpleguan eta lan-egoeran eragina izan zuten pertsonak birbideratzeko, birkokatzeko eta birkualifikatzeko prozesuak aktibatzeko helburuagaz.

Erandion garatuko duten 3R Programa, batez ere, langabezian dauden pertsonei dago zuzenduta, eta horiekaz lan egingo dute, Jorge Gonzalez enplegu-zinegotziaren hitzetan, parte-hartzaileen profilagaz bat datozen lan-eskaintzak aurkitu eta proposatzeko eta lanpostu horiek bete gura dituzten enpresen aurrean bitartekari lanak egiteko, bai eta lana galdu duten pertsonen lan-merkatua aktibatzeko eta horri buruzko informazioa emateko, beste neurri batzuen artean.

Edizio berri honetarako 1.000 orduko estimazioa egin dute orientazioa eta birkokatzea lantzeko, hau da, lan eta bitartekaritza eskaintzak bilatzeko. Ildo horretan, 500 ordu izango dira orientaziorako, eta beste 500 birkokatzeko. Ordu horiek 2022ko irailetik 2023ko martxoaren 31ra arte egingo dituzte, langabezian dauden pertsonei arreta emateko gehieneko epe gisa, eta arretaren gutxieneko azken helburua gutxienez 50 pertsonari ezarriko zaie, betiere premia eta eskaera desberdinen arabera.

Gainera, 3R Programaren barruan, lan-aktibazioko tutoretza-ekintzak emango dituzte, eta, besteak beste, honako arlo hauetan emango dute laguntza: oinarrizko lan-araudiaren inguruko prestakuntza, hautaketa-prozesuetako instrukzioa, enplegu-baliabideen ezagutza, eta gaitasun digitalei buruzko 20 orduko prestakuntza-ekintza.

Erandiokoa, arrakastatsuenetakoa

Erandioko 3R programa, Jorge González zinegotziaren hitzetan, enplegu-arlotik egindako programarik arrakastatsuenetako bat da; izan ere, aurreko edizioan programan parte hartu zutenen % 39k, Erandion, lan-kontratu bategaz amaitu zuten. Izan ere, 23 parte-hartzaile izan ziren programan zehar lan-merkatuan sartzea lortu zutenak, eta datu hori duela sei hilabete lortu zen, aurreko edizioa amaitu zenean.

Laneratze handiena izan zuten lanpostuen artean, honako hauek nabarmendu dituzte: administraria (sei kontratazio), mantentze-lanetako eta lorezaintzako langilea (bost) eta kutxazainak eta apal-betetzailea (bost). Lanpostu horiek kontratazio guztien % 66 biltzen dute. 3Rn kontratatutako pertsonaren erradiografia honela osatuko litzateke: ordezkaritza handiena duen adin-tartea 45 eta 55 urte bitartekoena da, guztizkoaren % 35; emakumeak dira, lau kontrataziotik hiru, nazionalak guztizkoaren % 86 eta kalifikazio ertain-altukoa, LHko lizentziadun eta tituludunetan, guztizkoaren % 78. Informatutako enpresei dagokienez, nabarmentzekoa da 978 enpresa harremanetan jarri zirela 3R programatik zetozen hautagaitza egokiak hornitzeko, eta 640 lan-eskaintzatan parte hartu dutela.

Programa honetan parte hartzeko edo informazioa eskatzeko, Erandioko Behargintzagaz jarri behar da harremanetan, 944 175 616 telefono-zenbakira deituta.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun