VI. Erandio Magikoa

Magiak Erandioko kaleak hartuko ditu aste-akabuan

Ander Zarraga 2022ko ira. 21a, 12:57
Pepe Lirrojo magoaren ikuskizunak abiatuko du Erandio Magikoa jaialdia. © PEPE LIRROJO

Barikutik domekara bitartean, hainbat magok euren ikuskizunak eskainiko dituzte Erandioko auzoetan, izan ere, hilaren 23tik 25era Erandio Magikoa jaialdiaren 6. edizioa egingo dute. Egun horietan, zortzi magoren emanaldiak eta umeentzako tailerrak egongo dira: antzezpenak, bentrilokia, ilusionismoa, umorea, kartadun trikimailuak eta askoz gehiago.

Antolatzaileek azpimarratu dutenez, aurtengo Erandio Magikoan parte hartuko duten magoen artean bi emakumek izango dute protagonismoa, izan ere, orain arte gizonezkoak gehiengoa ziren magiaren munduan geroz eta emakume gehiago ari dira nabarmentzen. Jessica Guloomal kanariarra eta Maria Arandia donostiarra izango dira erandioztarrak harrituko dituzten bi emakume horiek.

Programazioa Pepe Lirrojo magoaren emanaldiagaz hasiko da, Erandiogoikoan adin guztietako ikusleen imajinazioa eta ilusioa piztuko duen Magieando ikuskizunagaz. Zapatu goizean, Tor eta Txorroborro magoek beraien trikimailuak erakutsiko dizkiete Josu Murueta kultur etxera hurbiltzen diren sei urtetik gorako umeei; tailerra domekan ere errepikatuko dute Gaztetxokoan. Ostean, zapatuko 12:30ean, David Blancoren karpa misteriotsua egongo da Josu Murueta plazan.

Jaialdiko ikuskizun nagusia 18:30etik aurrera hasiko da Josu Murueta kultur etxean, Hodei, Pepe Lirrojo, Jessica Guloomal, Jaime Figueroa eta David Blanco magoek beren ikuskizunak eskainiko baitituzte.

Domekan, umeentzako tailerraren ostean, Magoak Altzagako kaleetatik ibiliko dira Magipoteoan beren trikimailuakaz bidean aurkitzen dituzten herritarrak aho bete hortz uzten. Jaialdiko azken ikuskizuna Jaime Figueroaren eskutik etorriko da. Fantasista bezala aurkezten du bere burua Figueroak: komiko, mago, txotxongilolari, sabeliztun, abeslari eta irudimenak eta fantasiak piztu ditzakeen edozeren nahasketa, hain zuzen ere.

Egitaraua:

Irailak 23, barikua

  • 18:00 Pepe Lirrojo: Magieando, Erandiogoikoko Euskadi plazan.

Irailak 24, zapatua

  • 11:00 Magia tailerra Tor eta Txorroborro magoakaz, Josu Murueta kultur etxean.
  • 12:30 David Blanco: La Carpa del Misterio, Josu Murueta plazan.
  • 18:30 Eszenako gala handia, Hodei, Pepe Lirrojo, Jessica Guloomal, Jaime Figueroa eta David Blanco magoakaz. Josu Murueta kultur etxean.

Irailak 25, domeka

  • 11:00 Magia tailerra Tor eta Txorroborro magoakaz, Gaztetxokoan.
  • 13:00 Magipoteo, Jessica Guloomal, Tor, Maria Arandia eta Xorroborro magoakaz, Irailaren 23a plazatik abiatuta.
  • 18:00 Jaime Figueroa: El Fantasista, irailaren 23a plazan.

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun