Gaur gaurkoz, euskal reggaeton feministaren artista ezagunena da Iratxe Aguilera edo Kai Nakai izen artistikoz ezaguna den abeslari gasteiztarra. Tira single berria argitaratu berri duen abeslariak kontzertua eskainiko du bihar, hilak 24, Astrabuduako Josu Murueta plazan egingo den Zutik! jaialdiaren bigarren edizioan. Horren aurretik, Dj Lady Grumpy artista erandioztarra arduratuko da festari hasiera emateaz.
Erandioko Udaleko berdintasunerako ordezkariorde Aitana Lopezek adierazi duen bezala, "gure asmoa da emakumeak ikusaraztea eta gure bizilagunentzat erreferente izatea; izan ere, kontua ez da soilik emakumeek agertokietara igotzea, hamarkada askotan egin duten bezala". Bere aldetik, Jorge Gonzalez berdintasuneko zinegotziak adierazi du azken urteetan emakumeen presentzia areagotu egin dela euskal musikaren panoraman, "nahiz eta askotan ez daude behar bezala aitortuta".
Zutik! jaialdiaren bigarren edizio honegaz, Erandio Udaleko Berdintasun Arloaren helburua da emakumeek bizitzaren arlo guztietan egiten dituzten ekarpenak ikustarazten jarraitzea. Lopezek gaineratu duenez, "XXI. mende betean ezin daiteke biztanleriaren % 50aren talentua gaitzetsi", horregatik, zapatuan herritarrak Astrabuduara joatera gonbidatu ditu.