Altzagako hirigunea berreskuratzeko egitasmoaren beste urrats bat iragarri du Udalak

Ander Zarraga 2022ko urr. 4a, 14:53

Pagoeta eta Gernika kaleen tartean eraiki gura dituzten etxebizitzen irudikapena. © ERANDIOKO UDALA

Gernika, Pagoeta, Bereterretxe eta Ategorribarri kaleen inguruak berrizteko Udalak aurkeztu berri duen hirigintza-proiektuari esker, aisialdirako guneak eta oinezkoentzako lehentasuna izango duen hiri-bilbe berri bat eratuko dute Altzagaren erdigunean.

Erandioko Udalak iragarri duen egitasmoaren helburua izango da Altzagako Gernika etorbidearen inguruko 1C azpieremuaren urbanizazioa gauzatzeko proiektua garatzea. Jarduketak hartuko duen eremua ertzain-etxera arte izango da, Bereterretxe kalearen eta Gernika etorbidearen arteko bidegurutzeraino, hain zuzen ere.

Udalak ezarritako prozesuak aurrera jarraitzen duela iragarri du, eta jakitera eman dute Altzagaren hiri-berroneratzeko beste mugarri bat osatuko dutela laster. Esku-hartzeak Gernika, Pagoeta, Bereterretxe eta Ategorribarri kaleen ingurua hartuko du oraingoan. Azken osoko bilkurak xehetasun-azterlana onartu zuten, eta behin eraikuntza-lizentzia emanda, egitasmoagaz aurrera jarraituko dute, aurreikusitako epeen arabera.

Egitasmo berri horregaz, Pagoeta eta Gernika kaleak lotu, parke bat zabaldu, zuhaitzak landatu eta oinezkoentzako kale bat ireki gura du Udalak, 20 eta 80 etxebizitza inguruan izango dituzten bi solairu-bloke berrien artean. Eraikin berriak eraitsitako bi industria-pabiloik hartzen zuten lekuan eraikiko dituzte.

Aitziber Oliban alkateak azaldu bezala, oinezkoentzako lehentasuna duen irisgarritasuna irabazi gura dute, horregatik, inguruko trafikoa berrantolatu eta Pagoeta kalea irekiko dute. Horren bitartez, Ategorribarri auzoa herrigunera hurbildu eta ur-jokoak izango dituen aisialdirako gune bat ere sortuko dute.

Parke berriaren inguruko espaloiak, galtzada-zabalerak, paraleloan dauden aparkalekuak eta aparkaleku-bateria berriak, elbarrientzako plazak, elektrizitatea kargatzeko guneak, motorrak aparkatzeko guneak eta beste garraiobide batzuk aparkatzeko eremu gehigarri batere iragarri dituzte jarduera horren barruan.

Era berean, agindu dutenez, hirigune horretako zoladura berriztu, banaketa-sareak ere aldatu, argiteria publiko berria instalatu lorategiak handitu eta berrituko dituzte, baita zaborrak biltzeko sistemak ere eguneratuko dituzte.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun