Udal-iturriek adierazi dutenez, "datuok onartezinak dira; 368 kaka batu dira hilabete bakarrean, baia askoz gehiago daude". Deitoratu dutenez, pertsona batzuek zehapen bat jasotzean bakarrik erantzuten dute, horregatik, sozializazioa eta pedagogia isunakaz uztartuko dituztela ohartarazi dute, "ez dago beste biderik".
Zentzu horretan, Udalak abiaraziko duen kanpainaren izena "Zure txakurra erandioztar bat gehiago" izango da. Horretarako, Udaleko Osasun Publikoaren eta Kontsumoaren Arloak informazio-gida prestatu du, txakur-jabe bakoitzak bete beharreko oinarrizko arauak jasotzen dituena, bai maskotaren ongizatea bermatzeko, bai udalerriko bizilagunen arteko bizikidetza ona lortzeko eta kaleak garbi egon daitezen ere.
Kanpaina udal-ekipamenduetan egongo da eskuragarri, eta datozen egunetan udalerrian erregistratutako animalia bat duten bizilagunen etxeetako postontzietan ere utziko dute.
Kanpainak jabeei euren erantzukizunak gogoraraziko dizkie, hala nola maskotei identifikazio-mikrotxipa jartzea; erroldatzea; haien ongizatea bermatzea elikadurari, bizilekuari, hezkuntzari eta ariketari dagokienez edo paseatzeko garaian bete beharreko oinarrizko arauen berri ematea. Liburuxka horretan txakurren aisialdirako eremuak ere adieraziko dituzte, txakurrak libre ibili daitezkeen ordu-tarteak eta guneon araudia adieraziz.
Oscar Riosek, Kontsumo eta Osasun Publikoko udal arduradunak, oso positibotzat jo du herritarrak kontzientziatzeko eta sentsibilizatzeko kanpaina berria abian jartzea: "Espero dugu, pixkanaka-pixkanaka jabetuko garela animalia bat izatea ez dela kapritxo bat, eta, erabaki hori hartzen denean, animalia horien premiei arreta jartzeko eta herritarrei sor dakizkiekeen eragozpenak saihesteko konpromisoagaz egin behar dela".