Ume eta nerabeen babesari buruzko prestakuntza-ikastaroak antolatuko dituzte Erandion

Erredakzioa 2022ko urr. 14a, 13:18

Ikastaroa ume eta nerabekaz lan egiten duten udal-beharginei dago zuzenduta.

Erandioko Udalak ume eta nerabeakaz lan egiten duten profesionalei zuzendutako prestakuntza-ikastaroak antolatuko ditu, horien aurkako indarkeria prebenitzeko helburuagaz. Ikastarook Udalak aurreko abenduaren 29an Save the Children eta Unicef erakundeakaz sinatutako hitzarmenaren baitan daude eta helburutzat dute Erandio gazteak babesten dituen udalerri bihurtzea.

Prestakuntza-ikastaroa umeakaz eta nerabeakaz lan egiten duten udaleko langileei dago zuzenduta: ikastetxeetako irakasleak eta zuzendaritza-taldeak, ikastetxeetako jantokietako edo aisialdiko begiraleak, kirol-arloko begiraleak, udaltzainak, Ertzaintzako agenteak, aisialdiko begiraleak, etab.

Udaleko Gizarte Ekintzako arduradun Maite Perezek adierazi duenez, "indarkeriari aurrea hartzeko, edo, hala badagokio, aurre egiteko, beharrezkoa da haurrak babesteko inguruneak garatzea, edozein eremutan ari direla ere, tratu oneko baldintzetan eta edozein motatako indarkeria barik bizi daitezen". Bere ustez, funtsezkoa da ume eta nerabeakaz lan egiten duten Erandioko profesionalei tresnak ematea, gaztetxoen aurkako indarkeriari aurre egiteko prebentzioagaz, detekzioagaz eta jardueragaz zerikusia duten alderdietan.

Saioak Erandioko Gizartetxean izango dira honako data hauetan: eguenetan euskarazko ikastaroak egingo dituzte, urriaren 27an eta azaroaren 3an eta 10ean, eta, eguaztenetan gaztelaniazkoak izango dira, urriak 26 eta azaroak 2 eta 9an. Aldiz, ordutegia hau izango litzateke: goizeko ordutegia, 09:30etik 13:00etara eta arratsaldekoa 16:00etatik 19:30era.

Prestakuntza presentziala izango dela eta zati teoriko bat izango duela zehaztu dute antolatzaileek. Bertan, umeen aurkako indarkeriari aurre egiteko prebentzioari, detekzioari eta jarduketari buruzko gakoak emango dituzte, horrelako kasuen aurrean jarduteko tresnakaz eta kasu praktikoakaz batera. Ikastaroen amaieran, bertaratze-ziurtagiria ere emango zaio bertaratzen direnei.

Izen-ematea doakoa da eta posta elektroniko bat bidaliz egin ahal izango da bsocial@erandio.eus helbidera joan gura harremanetarako datuak eta taldea adieraziz, edo 944 890 270 telefonora deituz.

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun