Axpeko Erribera etorbidean, Sonora diskotekaren inguruko aisialdi-eremuan, bideozaintzarako zazpi kamera jarriko dituela iragarri du Erandioko Udalak. Kamerak biribilgunean, errepidean, inguruko kalezuloetan eta metroko pasabidean jarriko dituztela zehaztu du.
Udal-iturriek azaldu dutenez, neurri hau hartzea erabaki dute bertako bizilagunen kexak etengabekoak direlako; izan ere, aste-akabuetan inguruotan kale-zurruta egiteko batzen diren gazteen zaratak eta bizikidetzagaz bateragarriak ez diren jarrerak salatu dituzte. Ertzaintzako eta Udaltzaingoko agenteak sarritan bertaratzen diren arren, arazoa ez da bukatu eta kexek bere horretan jarraitzen dute, beraz, Udalak neurri berri hau hartzea erabaki duela adierazi du.
Udalak 60.000 euro bideratuko ditu operatibo horretarako. Momentuz, kamerak instalatzeko beharrezko administrazio izapideak ari dira egiten eta inguruko bizilagun eta enpresen jabeakaz berba egingo dute beharrezko baimen guztiak jasotzeko.
Zehaztu dutenez, kamerak aste-akabuetan eta jaiegunetan bakarrik egongo dira martxan. Horiek azken belaunaldikoak izango dira, eta oso ondo definituta egongo dira, azken belaunaldiko software aurreratuenakaz, beraz, pertsonak eta ibilgailuak behar bezala identifikatzeko aukera emango dute.