Bizkaiko metalaren sektoreko beharginek greba egingo dute bihar Erandion

Ander Zarraga 2022ko urr. 26a, 09:40

Metalgintzako sektoreko langileen manifestazioa Erandion, artxiboko irudian. © LAB

ELA sindikatuak protesta egitera deitu ditu metalaren sektoreko langileak bihar, urriak 27, Altzagako metro-geltokian. Azaldu dute Bizkaiko hitzarmena lortzeko negoziazioek adostasunik gabe jarraitzen dutela patronalaren proposamena ez delako hurbiltzen sindikatuek planteatutako eskarietara. Hori dela eta, greba-deialdiak egin dituzte hilaren 27 eta 28rako eta azaroaren 2rako.

Bizkaiko metalgintzako langileak berriz ere kalera aterako direla iragarri dute ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek; horretarako, greba-deialdiak egin dituzte hilaren 27 eta 28rako eta azaroaren 2rako. Zehazki, ELA sindikatuak Erandion egingo du lehen elkarretaratzea, 11:30ean Altzagako metro-geltokian.

Sindikatuek azaldu dutenez, hitzarmena lortzeko 15. bilera izan zuten atzo Bizkaiko metalaren sektoreko enpresen federazioagaz (FVEM). Baina bilera horretan patronalak proposatutako neurriak ez zituen sindikatuen eskariak asebete: "Patronalak planteatutako edukiak ez dira hurbiltzen ELAk urriaren 19an planteatutakora. Izan ere, ez da langile guztientzako KPIaren igoerarik bermatzen, ez dago aurrerapausorik lanaldi murrizketan, ezta subrogazioan ere, ez dira ETTak kontrolatzen, ez da Bizkaiko metalean nahitaezko arbitrajea saihesten, ez dago aurrerapausorik berdintasun planetan...".

Horren ondorioz, gehiengo sindikalak hainbat mobilizazio iragarri ditu aipatutako hiru egunetarako. Iragarritako hiru egunetan, enpresen atarian elkartuko dira eta, Erandioz gain, manifestazioak egingo dituzte 27an Durangon, 28an Barakaldon eta azaroaren 2an Bilbon.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun