Bizkaiko metaleko langileek manifestazio jendetsua egin dute Erandion

Ander Zarraga 2022ko urr. 27a, 19:23

Goizetik, enpresen atarietan lanuzteakaz hasi dute gaurko greba-eguna Bizkaiko metaleko sektoreko langileek; izan ere, gehiengo sindikalak hiru greba-egun deitu ditu, "patronala hitzarmena lortzeko negoziazioa blokeatzen" ari dela argudiatuta. ELA sindikatuak Erandion egin duen manifestazioan ehunka langilek hartu dute parte, eta adierazi dutenez, grebaren jarraipena "oso handia izan da enpresetan".

Gaurko deialdian salatu dutenez, "greba patronalaren jarreraren ondorio izan da; izan ere, FVEMek negoziazioa blokeatzen jarraitzen du, sektoreko langileak pobretzen dituen edukiak soilik eskainiz. Enpresek lan karga eta mozkin handiekin jarraitzen duten bitartean, KPIak kontrolik gabe jarraitzen du; patronalak, aldiz, uko egiten dio erosahalmena ziurtatzeari eta langileak pobretu egiten ditu".

Zentzu horretan, sindikatuak hitzarmenaren indarraldiko urte bakoitzean KPIaren araberako soldata bermatzea eskatu du, baita beste aldarrikapen batzuk ere, hala nola subrogazioa zabaltzea, prekarietatearen eta behin-behinekotasunaren aurkako neurriak hartzea, lanaldia murriztea, emakumeek sektorean jasaten duten diskriminazioaren aurkako neurriak, etab. Eduki horiek guztiak sindikatuen eta patronalaren arteko azken bileran eskatu zituztela gogoratu dute, eta gaurko manifestazioan berriro entzun dira Erandioko kaleetan.

Grebaren hurrengo egunei dagokienez, bihar, urriak 28, manifestazioa egingo dute Basaurin, 11:30ean. Azaroaren 2an, hitzordua Bilbon izango da, ordu berean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun