Atzo egin zuten aurkezpenean, Juan Angel Lopez Galiana taldeko zuzendari teknikoak azaldu zuenez, oso lasterketa gutxi daude hain kategoria ezberdinetan horrenbeste parte-hartzaile batzen dituztenak, "baina guri horrek ez gaitu larritzen, guk Erandiora jende asko etor dadin gura dugu, eta nahiago dugu dirua denen artean hainbat sari banatzeko erabili, eliteko hiru korrikalari ekarri baino; izan ere, Bizkaian sari gehien banatzen dituen lasterketa garela aitortu digute".
Atzo jakinarazi zutenez, aurten ere parte-hartzaile kopuru handia espero dute antolatzaileek; izan ere, eskolako korrikalarien, familien eta proba absolutuan parte hartuko duten nagusien artean, 1.300 parte-hartzaileak gainditzea aurreikusi dutela azaldu zuen Lopezek: "Hainbat lehiakide batzea lortzen dugu urtero, iaz, 1.300 korrikalari baino gehiago egon ziren, eta Erandioko hirigunearentzako kopuru nahiko handia dela azpimarratu behar dugu".
Lasterketak 10:30ean hasiko dituzte, eta irteera zein helmuga Altzagako kiroldegiaren parean egongo dira. Infantilak eta kadeteak izango dira eskolako kategorian irteten lehenak, eta, ostean, familien txanda izango da, 11:50ean. Antolatzaileek familien proban bakarrik 500 parte-hartzaile inguru aurreikusi dituzte. Bukatzeko, 12:15ean, 7.000 metroko luzerako lasterketa absolutua egingo dute 350-400 lasterkari inguruk. Bukatzean, 13:00etan, sari-banaketa egingo dute Irailaren 23a plazan.
Horretaz gain, aurtengo lasterketan omenaldi berezia egingo diote Fortunato Vencedor korrikalariari. "Atzo (martitzena), 93 urteko lasterkari honen heriotzaren berri izan genuen, eta korrikalarien artean oso maitatua zen pertsona bat zenez, bere omenez bat zenbakia daraman dortsala gorde eta minutu bateko isilunea egingo dugu", azaldu du zuzendari teknikoak.